Plazaolako bide berdearen Sakanako zatiaren tramitazioa aurrera

Guaixe 2014ko ira. 6a, 11:00

Irurtzungo, Arakilgo eta Itza Zendeako ibilbideko 9,5 km-etako lanak eginen dira lehenik, aurretik egindako bidea hegoalderantz luzatuz.

Plazaola trenbide zaharraren Irurtzun eta Saratsa arteko tartea berreskuratzeko ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedura hasi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, Sustapeneko kontseilari Luis Zarraluqui Ortigosak agorrilaren 14an Foru Agindu bat eman zuen.

Iruña eta Donostia arteko Plazaola trenbide zaharraren trazadura bide berde bihurtuko da lanak despeditzean eta hura motorrik gabeko turismo eta aisiako jardueren ardatz gisa erabiliko da. Nafarroako zatiaren sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da, eta Nafarroako Gobernua egitasmoa Udalez Gaindiko Plan Sektorial baten bidez ari da garatzen.

Gaur egun Mugiron lanean ari dira, 4,14 km-ko zatian (Ingurumen Ministerioaren 274.435 euroko aurrekontua du lanak). Lan horiek despedituta, udazkenetik aurrera, Andoain eta Irurtzungo muga artean bizikletan edo oinez ibiltzeko aukera izanen da. Bestalde, Sakanara bide berdea nondik sartu aztertzen ari dira.

Sakanan
Plazaolak 85 km-ko ibilbidea zuen. Haietatik 2,3 Sakanan. Bere bidean zituen 66 tuneletatik bi Sakanan daude, Aizkorben (620 metro) eta Irurtzunen (Artadikoa, 180 metro). Biak ere luiziengatik itxiak daude gaur egun. Trenbidearen jatorrizko ibilbideari ezin zaionean segi ibilbide alternatiboak aurreikusi dira, “bide berdearen” jarraipena bermatzeko.17 geltokietako bat Irurtzungoa zen, egun desagertua dagoena.

Proiektua gauzatzeko Irurtzunen udalari bidea diren 5.539 metro karratu desjabetuko dizkiote. Aizkorben guztira 10.301 metro karratu desjabetuko dituzte: 7 partikularri (4.689 m2), Aizkorbeko Kontzejuari (lau sailetik, guztira 4.197 m2), Ebroko Ur Konfederazioari (bi lur-sailetatik, 760 m2), Arakilgo Udalari (bi lursailetatik, 515 m2) eta Nafarroako Gobernuari (bi lur-sailetatik, 140 m2).