Iñigo Aritza ikastolarendako Oinez Erronka

Guaixe 2014ko urr. 20a, 16:33
Iñigo Aritzako taldea.

Nafarroa Oinezek aurtengo egitarauan zuen berritasunetako bat Erronka zen: Nafarroako ikastoletako DBHko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ginkana modukoa. Erronkan parte-hartzaileek euren abilezia, indarra, abiadura, buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna probatu behar izan zuten. Guztia erlojuaren kontrako borrokan.

Nafarroa Oinezeko zirkuituan barna hainbat proba gainditu behar izan zituzten izena emandako 10 taldeek. Tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletakoak zeuden. Azken horiek izan ziren onenak eta etxera saria ekarri zuten (bakoitzarendako tablet bana eta DBH3ko eta DBH 4ko ikas-bidaiarako 2.000 euro). Andra Marikoak proba batean (memorikoa) lehenak izan ziren eta beste batean bigarren izan zen (ibaikoa), baina ez zuen finalerako sailkatzea lortu.

Sakanako ikastoletako taldeak eta Paz de Zigandako ikastolakoa elkarrekin joan ziren autobusean Erronkara. Esan digutenez, “giro ona izan zen eta Nafarroa Oinez bizitzeko beste modu bat da. Errepikatzeko modukoa”.

Probak
Lehen proban parte hartzaileek Aragoi ibaian gora eta behera baltsan egin behar izan zuten. Behin Zangozako sarrerako zubiaren azpian, hara eskala bidez igo eta goiko partean zegoen banderatxoa jaso behar izan zuten.

Bigarren gunean kapitainak puzzle bat ikusi zuen 30 segunduz. Agotz artean zeuden piezak opatu behar zituzten taldekideek eta haiek egoki jarri behar zituen bere tokian kapitainak, puzzlea osatu arte. .
 
Hirugarren gunean begiak estalita zituztela eta hanketatik lotuta orientazio proba egin behar izan zuten. Haien arteko koordinazioa baliatuz, kapitaina zegoen tokira joan behar zuten hainbat oztopo gaindituz.

Laugarren gunean lasto-fardo gaineko lasterketa izan zen. Talde kide batek agotz gainean ibilbidea egin behar zuen eta horretarako gainontzekoek bost fardo zituzten eta haiek etengabe mugitu behar zituzten. Alturan zegoen banderatxoa ere fardoen laguntzaz eskuratu behar izan zuten.
    
Hiru talde onenak zezenplazan jokatu zen finalera pasa ziren. Lau proba zituzten aurretik, errelebo bidez egin beharrekoak. Abilezia, herri kirolak, kalkulua eta indarra nahasten zituzten probak izan ziren finalean. Txapeldunen bandera Iñigo Aritzak jaso zuen harmailatik.



Sakanako taldeak
Iñigo Aritzako taldea
Lander Bados Ganuza, Jon Aranburu Gastaminza, Maider Bengoetxea Gonzalez, Nahia Bengoetxea Garisoain, Hasier Galarza Pozueta, Ekai Urkijo Nuñez, Leire Bergera Aramendia eta Amaiur Bengoetxea Ijurra. Ordezkoa Unai Irigoien Ausin izan zen. Kapitaina, berriz, Jon Lagos Olmedillo eta Aitziber Larrion.

Andra Mariko taldea
Asier Jaka Fanega, Mattin Altzelai Karasatorre, Mikel Agirre Arregi, Unai Flores Palacios, Maddalen Mikeo Erasun, Araitz Jaka Fanega, Ian Ansotegi Yeregi eta Haritz Lizarraga Munarriz. Ordezkoak, berriz, Leire Estarriaga eta Naroa Mendiola.