Irabazi handiak baso aprobetxamenduetatik

Guaixe 2015ko ots. 5a, 17:12
Egur aprobetxamendua basoan pilatuta.

1999ko abenduan Frantzian izandako haizete indartsuek milaka zuhaitz bota zituzten. Haiek merkaturatu zituzten eta, ondorioz, herrietako baso aprobetxamenduak berezko prezioa baino merkeago saldu zituzten urteetan udalek. Badirudi efektu hura bukatu dela, eta biomasak egur eskaera handitu du. Hala, toki erakundeek jarritako prezioa baino handiagoan saldu dituzte.

Hori izan da Aizkorbe eta Hiriberriko kontzejuen kasua. Lehenak 37.848 eurotan saldu du lotea, aurreikusitakoa baino 5.639,55 euro gehiagotan. Hiriberriko Kontzejuak, berriz, bi loterengatik espero baino 14.726,68 euro gehiago eskuratu ditu; guztira, 63.261,68.