Nafarroako Herri Kirol Jokoak Altsasun abiatu ziren

Guaixe 2015ko mar. 5a, 10:24

Inoiz baino talde gehiago lehiatuko dira aurten eta talde sakandarrak ongi aritu ziren lehen jardunaldian

Igandean abiatu ziren, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Nafarroako Kirol Jokoak. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatu du herri kirol txapelketa hau, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera. Bertan 3 kategorietako neska-mutikoek hartzen dute parte: kimuek (11-12 urte), haurrek (13-14 urte) eta kadeteek (15-16 urte). Taldeak mistoak izaten dira. Haurren eta kadeteen mailan sokatira eta proba konbinatua (koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza) jokatzen dira, eta kimuek proba konbinatua egiten dute soilik, trontzarik gabe. Lau jardunaldi jokatu ondoren –Altsasun, Berroetan, Berriozarren eta Igantzin–, martxoaren 29an finala jokatuko da, Arbizun edo Etxarri Aranatzen.

Altsasun hezetasunak ondorioak izan zituen
Esan bezala igandean lehen jardunaldia jokatu zen Altsasuko Burunda pilotalekuan. Kimuen proba konbinatuan 4 multzotan banatuta aritu ziren eta Etxarriko Andra Mari izan zen onena. Atzetik sailkatu ziren Araxes, Irisarri, Iñigo Aritza C, Ondatz, Baztan, Beriain, Basaburua, Iñigo Aritza B, Berriozar A, Berriozar B, Iñigo Aritza A, Artzanegi eta Berriozar C. Haur mailako proba konbinatuan bi multzotan banatuta aritu ziren. Araxes izan zen azkarrena, Basaburua, Andra Mari, Berriozar, Irisarri, Iñigo Aritza, Leziza eta Ultzama taldeen aurretik. Eta kadeteen proba konbinatuan ere Araxes izan zen talderik finena, Ultzama, Iñigo Aritza, Berriozar, Andra Mari eta Basaburua taldeen gainetik. Baina aipatzekoa da izugarrizko hezetasuna sortu zela frontoian, eta kategoria bakoitzean azkeneko txandatan aritu zirenek oso denbora txarra egin zuten, lurra oso irristakorra eta arriskutsua zegoelako. Horregatik, antolakuntzak erabaki zuen lehen jardunaldiko denborak kontuan ez hartzea finalera sailkatzeko orduan.

Sokatirari dagokionez, haurren mailan (480 kilo), A multzoan Berriozar izan zen garailea (3 puntu), Iñigo Aritza (1,5 puntu) eta Leziza (1,5 puntu) taldeen aurretik, eta B multzoan Andra Mari nagusitu zitzaien (3 puntu) Putterriri (2 puntu) eta Ultzamari (puntu 1). Kadete mailan (540 kilo), aldiz, Berriozar izan zen onena (5 puntu), Ultzama (4 puntu), Iñigo Aritza (3 puntu), Araxes (2 puntu) eta Andra Mari (puntu 1) taldeen aurretik.

Nafarroako Herri Kirol Jokoen bigarren jardunaldia igandean jokatuko da, martxoaren 8an, Berroetako plazan, goizeko 11:00etatik aurrera (eguraldi txarra eginez gero, Elizondon).

Talde sakandarrak
Nafarroako Herri Kirol Jokoek gora egin dute, aurten inoiz baino talde gehiagok eman baitute izena. Jakina, tartean talde sakandarrak daude. Zehazki, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolatik sortutako Andra Mari, Ondatz, Beriain, Leziza eta Putterri taldeak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolatik sortutako Iñigo Aritza taldeak.