Morenok eta Beunzak Sakanako Kopa jaso zuten

Guaixe 2015ko mar. 5a, 11:00

Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak txapelketaren sari ematea asteazkenean izan zen, Etxarri Aranazko Lasa Kirolak dendan

Sakanan atletismoa sustatu eta Sakanako lasterketetan korrikalari sakandarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin sortu zuen Sakanako Atletismo Kopa Sakanako Mankomunitateak. Hasieratik Lasa Kirolak dendaren babesa izan du ekimena, eta Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria izena hartu zuen.

Saritutakoak
2014an lau probak puntuatzen zuten Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako: I. Ziordiko Herri Krosak (ekainak 1), XI. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 14), XI. Ergoienako Birak (irailak 20), XIV. Sakanako Herri Lasterketak (urriak 25) eta Altsasuko Barricarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Bertan aritu ziren korrikalari sakandarren lana aintzat hartuta, Sakanako Kopako irabazleak Javier Moreno Jorge altsasuarra eta Izaskun Beunza Azazeta olaztiarra izan dira. Gizonezkoetan, Morenoren atzetik Francisco Javier “Pitxi” Gomez Fernandez eta Sergio Garcia de Eulate Maia sailkatu dira, eta emakumezkoetan, Beunzaren atzetik, Maite Zabaleta etxarriarra eta Haizea Ramiren de Alda altsasuarra.

Asteazkenean egin zuten sari ematea, Etxarri Aranazko Lasa Kirolak dendan. Lehenengoek 80 euro kirol materialean, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro jaso zituzten. Horretaz gain, Kopako lasterketa guztietan parte hartu zuten korrikalarien artean –Izaskun Beunza, Maite Zabaleta, Javier Moreno, Iban Gonzalez eta Juantxo Azurmendi– Lizarragako Bentan bi pertsonendako gau bat eta gosaria zozketatu ziren. Izaskun Beunzari egokitu zitzaion saria. Giro ederrean, txapelketako antolatzaile, babesle eta saritutakoak Leku-Ederren bildu ziren zerbait hartzera. Aurten ere jarraipena izango du Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Kopak.