Mikel Irigoien 28.a Arguedas Trofeoan

Guaixe 2015ko mar. 9a, 13:15

23 urtez azpiko mailan 8.a sailkatu zen

Igandean hasi zen Rural Kutxa BTT Kopa, Arguedasen jokatutako Arguedas Trofeoa-Bardeetako Atea probarekin. Antolakuntzak 7 km pasako zirkuitu ikusgarria prestatu zuen, eta helduek 5 itzuli eman zizkioten. Patxi Cia (Olympia) eta Yolanda Magallón (Moncayo Bikes) izan ziren azkarrenak eta Kopako liderraren maillota jantzi zutenak. Ciak hasieratik hartu zuen aldea eta 3 minutu pasa atera zizkion Zarabici-Trek taldeko Diego Tamayori. Lasterketan parte hartu zuen Mikel Irigoien uhartearra (Conor-Saltoki-Berriainz) 28.a izan zen sailkapen orokorrean eta 8.a 23 urtez azpiko sailkapenean.

Irigoienen taldearen aurkezpena
Conor-Saltoki-Berriainz izenarekin lehiatzen den Iturrotz Txirrindularitza Taldeak otsailean egin zuen 2014-2015 denboraldiko aurkezpena, Iberon. Taldeak 48 txirrindulari ditu kategoria txikietan: 5 hasi berrien mailan, 8 kimuetan, 14 haurren mailan, 12 kadeteetan, 9 juniorretan. Bestalde, 25 txirrindulari lehiatzen dira 23 urtez azpiko, elite eta master mailako taldean. Tartean dago Mikel Irigoien. Uhartearra 23 urtez azpiko mailakoa da.

Conor-Saltoki-Berriainz taldea Euskal Herriko probatan, Espainiako Txapelketan, Aragoiko Itzulian, Espainiako Open eta Superprestigio txapelketetan lehiatuko da, besteak beste.