Bunker edo Racing San Migel?

Guaixe 2015ko mar. 20a, 12:41
Aurreko urteko finalistak, Racing San Migel eta Arbizu. Arbizuk irabazi zuen.

Futsalsakana txapelketako finala jokatuko dute bi taldeek gaur, ostiralean, 20:00etan, Uharte Arakilen

Futsalsakana areto futbol txapelketa azken txanpara iritsi da. Aurreko asteburuan finalerdiak jokatu ziren, eta finalerdi horietatik atera ziren gaur, ostiralean, final handia jokatuko duten bi taldeak: Bunker eta Racing San Migel.

Finalerdietan Bunkerrek nagusitasun handiz irabazi zion Auzomotojorik taldeari. Hasieran etxarriarrek aurre egin zieten altsasuarrei, baina ondoren Bunkerrek aurrea hartu zuen eta atsedenaldirako 5-0 aurreratu ziren altsasuarrak. Bigarren zatian Auzomotojorikek aukerak izan zituen baina ez zuen asmatzen, eta bukaeran 9-1 gailendu zen Bunker. Aipatzekoa da talde altsasuarreko Arroyok 5 gol sartu zituela.

Beste finalerdia, Racing San Migel talde uhartearraren eta Arbizuren artekoa, askoz ere borrokatuagoa izan zen. Tentsioz eta joko bikainez betetako partida izan zen bi taldeek eskaini zutena. Raulek Arbizu aurreratu zuen markagailuan eta uhartearrek buelta eman zioten partidari, Gorkak eta J. Mari Gorritik sartutako bi golekin. Baina atsedenaldia baino lehen Josu Reparazek berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian bi atezainak adi egon ziren, bi taldeen jaurtiketak geldituz. Partida bukatzeko 3 minuturen faltan Danik Racingi garaipena eman zion gola sartu zuen. Arbizu atezain-jokalari formularekin partida berdintzen saiatu zen, baina Racingeko defentsa sendo aritu zen eta garaipenari eutsi zioten.

Bunker eta Racing San Migel taldeen arteko finala gaur jokatuko da, ostiralean, 20:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan.

http://futsalsakana.es
Txapelketako informazio guztia, finalerdietako bideoak barne.

Finalerdiak
Bunker 9 – Auzomotojorik 1
Racing San Migel 3 – Arbizu K.T. 2

Finala
Bunker – Racing San Migel (ostiralean, 20:00etan, Uharte Arakilen)