Mendialdearen garapen lokaleko estrategia parte-hartzailea

Guaixe 2015ko mar. 23a, 09:01
Cedernak ekintzaileendako antolatuako jardunaldi bat. Artxiboa.

Cederna-Garalurrek 2014-2020 aldirako garapen lokaleko estrategia definitzen ari da eta biharko, 18:00etatik 21:00etara, sakandarrak bilerara deitu ditu Arbizuko Utzugane zentrora.

Parte-hartzearen bidez Nafarroako Mendialderako garapen lokaleko estrategia zehazten ari da Cederna-Garalur. Garapenak nondik nora joan behar duen zehazteko garaian Cederna-Garalurrek Mendialdeko eskualdeetan lurralde-mahaiak eta mahi sektorialak sortzen ari da. Mahai horien bueltan Nafarroako Mendiaren entitate publikoek, pribatuek eta sozialek parte hartzea nahi du Garalurrek.

Osatzen ari diren agirian ahalik eta ideia eta lurralde proiektu gehien jaso nahi ditu Garalurrek, “Nafarroako Mendia lurralde lehiakorragoa, berritzaileagoa, ekonomikoki eta ingurumenerako iraunkorragoa eta berdintasun printzipioekin adeitsuagoa izatea lortzeko”. Horregatik, astearteko bilerara joatera gonbidatu ditu sakandarrak, estrategia “lurraldekoa eta lurraldearendako” izan dadin. Sakandarren ekarpenen garrantzia nabarmendu dute Garalurretik. Eta iragarri dute asteartekoa bilera parte-hartzailea izanen dela.

Orain artekoa
Cederna-Garalurrek diagnosi-proposamen bat eginda du eta hori izanen da astearteko bileraren oinarria. Han landuko diren ekintza eta proiektuak jasotzen dira. Hura osatzeko, besteak beste, kontuan izan dute Sakanako Plan Estrategikoa. Eztabaidarako agiriak bost lan esparru jaso ditu: lehen sektorea eta energia; turismoa, merkataritza, zerbitzuak eta artisautza; industria eta enpresei zerbitzuak; ondarea (kultura, arkitektura, natura…) eta, azkenik, bizi kalitatea (IKT, komunikazioak, zerbitzuak, enplegua).

Mendialdeko garapen lokaleko estrategia definitu ondoren, Cederna-Garalurrek agiria Europako funtsekin hornituta dagoen Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza deialdira aurkeztuko du.