Jon txapeldun Sakana 4x4 Topaketan

Guaixe 2015ko api. 14a, 12:58
Maniobra ikusgarriak ikusi ziren Arbizun. Argazkia: Aritz Barandiaran.

28 ibilgailuren artean maila bikaina eman zuten sakandarrek, Jon dorrobarra txapelduna izan baitzen eta Josu Berastegi urdiaindarra bigarrena

Larunbatean eta igandean jokatu da Sakana 4x4 taldeak antolatutako Sakana 4x4 Topaketa. Eguraldia lagun, beste behin arrakastatsua izan da proba. 28 todo terreno animatu ziren proba ikusgarrian aritzera eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntza “Risitas”-ek adierazi duenez, 3.000 pertsonatik gora bilduko ziren, lasai asko. “2.000 sarrera salgai jarri genituen eta bukatu zitzaizkigun. Gero jende gehiago sartu zen. Gaueko proban eta igandekoan bildu zirenak kontatuta… igual 4.000ra iritsiko ginen”. Giroa, bikaina, eta todo terrenoek eskainitako ikuskizuna, baita ere.

Antolakuntzak oztopoz, zuloz eta urez betetako 6 gune prestatu zituen Arbizuko industrialdean. Todo terrenoek larunbatean norabide batean gurutzatu behar zituzten eremuak, eta, igandean, kontrakoan. “Pilotuen lana ikusgarria izan zen, eta Sakanakoena zer esanik ez. Hemengo maila ikaragarria da, geroz eta handiagoa” nabarmendu du Risitasek. Horren erakusle, Jon dorrobarrak irabazi du aurtengo Sakana 4x4 topaketa, eta Josu Berastegi urdiaindarra izan da bigarrena. Podiuma Xabier Oñaederra “Narruk” osatu du. Jonek gurpilak jaso zituen saritzat, Josuk erreminta kaxa eta Narruk zintxak.
Aipatutakoez gain, Arbizuko Mikel eta Altsasuko Unai ere lehiatu ziren Arbizun. Risitasek kontatu digunez, zaleei izugarri gustatu zitzaizkien aurten prestatutako guneak. “Urez betetako eremu gogorrak, lohia, malda ikaragarriak… gozamena izan da” azpimarratu du arbizuarrak. Guztia antolatzeko Sakana 4x4 taldearekin 26 pertsona inguru aritu ziren lanean.

Aurki Ilunberriko eta Astigarrako probak jokatuko dira. Ekainaren 27an atzera ere Arbizu izango da 4x4 ibilgailuen topagunea, San Juanetan.

Gauekoa
Gaueko proban 14 ibilgailuk hartu zuten parte. Ikusleak ere, majo hurbildu ziren. Zaldibiko Aritz izan zen onena, Ataungo Gamoso eta Altsasuko Unairen aurretik.

Isunaren zain
Antolakuntzak 2 euroko sarrera kobratu zuen. “Proba hau antolatzea 7.000 euro inguru kostatzen zaigu. Aseguruak soilik 1.700 euro balio ditu eta horri alokairuak, makineria, makineria ekartzeko garraioa eta beste hainbat gastu gehitu behar zaizkio. Horrela, 2 euroko sarrera kobratzen dugu topaketetan” azaldu digu Risitasek. Badirudi batzuei gehiegizkoa iruditu zitzaiela eta hesituta itxita zegoen eremu batetik sartu ziren proba jokatzen zen eremura. “Enpresak udaletxean kexa jarri du, hesia apurtu diotelako. Ziurrenik orain asegurutik isun majoa etorriko zaigula. Ikusle gehienak ongi portatzen dira eta ez dute inolako arazorik jartzen, baina badaude batzuk, gutxiengoa bat, euren jarrerarekin kalteak besterik ekartzen ez dutenak. Ea halakorik ez den errepikatzen” gaineratu du arbizuarrak.