Kaxubiarrak Andra Mari ikastolan

Guaixe 2015ko api. 18a, 09:11
Kaxubiarrek makin bat galdera erantzun zituzten.

Martxoaren 31n izan ziren bisitan. Baltiko kostaldeko, Polonia iparraldeko hizkuntza da kaxubiera. 250.000 hiztun inguru ditu eta egoera kaxkarra du. Euskarak azken hamarkadetan egindako bidea dute oinarri berreskuratze prozesuan.

Andra Mari ikastrolak 2009ko Nafarroa Oinezekin batera martxan jarri zuen Txikiak Handi proiektua. Haren helburua hizkuntza gutxituen aldarrikapena eta beraien arteko sarea osatzea da. Urtez urte sarea handitzen joan da eta, aurten, Baztan ikastolak kaxubiera gehitu dio.

Hori dela eta, Baztango ikastolak gonbidatuta, Aste Santuko oporren aurretik Kaxubiatik etorritako ordezkaritza bat Euskal Herrian izan genuen. Kaxubiako hizkuntza eta kultura bultzatzen duen  Kaszëbskô Jednota  (Kaxubiarren Batasuna) elkartekoak Korrika-ren Bilboko akabera eta beste ezagutu zituzten. Bisitaldian Andra Mari ikastola bisitatu zuten eta DBHko 2. mailako ikasleekin bildu ziren. Ingelesez arituz, bi herrialdeen arteko elkar ezagutzan sakondu zuten aldeek.

Sakanatik Poloniara
Bisita hau oso baliagarria izan zen DBH 2ko ikasleendako, izan ere, Erasmus + programaren eskutik maiatzaren azken astean Kaxubia ondoko Elblag herriko ikastetxe batera joateko aukera izanen baitute. Erasmus + Europar Batasunetik hezkuntzan ematen diren beka garrantzitsuenak dira.

Andra Mari ikastolak, Europako beste zortzi zentroekin batera, In the paradise garden of Europe izeneko proiektua aurrera eramanen du. Bi ikasturtetan Polonia, Austria, Hungaria, Errumania, Italia, Portugal, Lituania eta Greziako ikastetxeekin elkarlanean arituko dira DBH 2ko ikasleak. Proiektuaren xedea, Europan ezezagunak diren baina xarma berezia duten natura-espazioen mapa bat osatzea da. Ingelesez egiten ari diren lan horretan, Sakanako bizitza, kultura, ohiturak eta hainbat natura-espazio aztertuko dituzte, ondoren ikastetxe kideekin partekatzeko.

Horregatik guztiagatik, galdera mordoa erantzun behar izan zituzten Kaxubiako ordezkaritzako kideek. Izan ere, ikastolako ikasleek jakin min handia baitzuten hemendik hilabetera bisitatuko duten tokiaren inguruan nahiz Kaxubiarren kulturaren inguruan.