Bakaikun udazkenerako gas sarea izanen da

Guaixe 2015ko api. 19a, 10:19
Martxoan gas sarea zabaldu zuten Iturmendin.

Gasa izanen duen Sakanako 11. herria izanen da Bakaiku.

Ekonomia, Ogasun, Industria Eta Enplegu Departamentuak Gas Navarra enpresari Bakaikuko udal mugapean gas naturala banatzeko sarea egiteko baimena eman dio. Hala jakinarazi zuen asteartean Nafarroako Aldizkari Ofizialak. Lanen espedientea aztertu eta alegazioak aurkezteko 20 eguneko epea dago.

Gas Navarratik jakinarazi digutenez, gaur egun Sakanako hamar herritan ematen dute zerbitzua: Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Guztira 5.700 bezero ditu Gas Navarrak ibarrean, %55eko bataz besteko sarpena. Irurtzunek eta Altsasuk dute indize handiena. Aurten hiru urte bete dira Iturmendin eta Urdiainen gasa jarri zela. Bi herrietan %20 baino gutxiagoko sarpena du gasak. Enpresak bi herrietan jarduera komertziak bereziak eginen direla aurreratu digu.

Enpresatik jakinarazi dutenez, aurten Sakanan 300.000 euroko inbertsioa eginen dute. Bakaikun sarea jartzearekin batera, gainontzeko herrietan dauden gas banaketa sareak zabaltzeko eta harguneetarako lanak egiten hasi da. Azken horiek bezero berriei zerbitzua eman ahal izateko dira. Komunitateetako azpiegitura hartzaileen mantenuan ere ariko da enpresa.