Kontsumo arduratsuaren Ama-Lurra azoka

Guaixe 2015ko api. 17a, 08:53

Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Etxarri Aranazko plazan Sakanako nekazaritza eta Abeltzaintza zein Nafarroako Mendialdekoa ezagutarazi eta gozatzeko aukera emanen du.

Sakanako lehen sektoreko ekoizleak, Belardik, laugarrenez antolatu du Ama-Lurra azoka. “Laugarren edizio honetara ailegatzeak esan nahi du nekazaritzako ekoizpen eta kontsumo arduratsuko hitzordu hau sendotzen ari dela. Gero eta ezagunagoa da Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan”, dio Begoña Goikoetxeak, Etxarri Aranazko barraskilo ekoizlea eta azokaren antolatzailea den EHNEren Belardi lan taldeko kideak. Azokaren antolakuntzan Etxarri Aranazko Udalaren eta Unamuno enpresaren laguntza izan dute.

Sakanako ekoizleekin batera EHNE-Bizilurren barruan dauden ekoizleak ere izanen dira Amalur azokan izanen diren 20 bat postuetan: ezti ekologikoa, ardoa, arrautza ekologikoak, pasta ekologikoa, ogia, gozoki eta barazki ekologikoak, zein ohiko eta ekologiko erako behi eta ardi esnekiak, Pirinioetako patatak, edota behikia, ardikia, euskal zerrikia eta karakolak, besteak beste dastagai eta erosgai izanen dira. Horretaz aparte, Etxarri Aranazko baratzeen ekimena ezagutarazteko stand bat izanen da. Aurten, gainera, euskal oiloak ezagutzeko erakusketa izanen da.

Ama-Lur azokaren eta ekintza osagarrien bidez abeltzainen martxa eta, bereziki, latxa artaldeekin udaberrian egiten den lana plazara aterako dute. Izan ere, Urbasa, Andia edota Aralar bazketara artaldeak igo aurretik gazta egiten eta artilea mozten ari dira artzainak. Bestetik, etxabereen erakusketa zabala, euskal zerriki errea dastatzea, musika eta herri kirolek ere girotuko dute azoka.

www.ehne.eus/bizilur/
Ama-Lurra azoka EHNEren Arco egitasmoan kokatzen da (Ardura Elkarbanatutako Nekazaritza). Indarrean bost urte eman du Bizilurrek eta berriki Internetera jauzi egin du. Han kontsumo arduratsuari buruzko informazioa eta on-line denda aurki daiteke. Bizilur azalean kontsumo arduratsuaz sentsibilizatzeko eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana erraztu da, eskaerak egiterakoan.

Egitaraua
10:00etan Azokaren irekitzea.
11:00etatik 15:00etara Azoka gardena Sakanako ekoizleekin.
11:30ean Ardi mozte erakustaldia.
11:30ean Idiazabal gazta tailerra.
12:00etan Euskal txerria errea dastatzeko aukera.
12:30ean Herri kirolak.
Goizean bertako ekoizleen abereen eta haien elikagaien erakusketa, trikitilariak eta beste.