Plan Estrategikoren jarraipen bilera

Guaixe 2015ko api. 17a, 09:53

Astelehenean, 18:00etan, Arbizuko Utzuganera joatera deituak izan dira udalak, alderdiak, sindikatuak, enpresariak eta hainbat elkarte.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) joan den urteko maiatzean onartu zuen. Behatokitik orduan jakinarazi zuten planean zehaztutako helburu eta ekintzen jarraipena egin beharko zela. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak esan digunez, “nahitaezkoa da egindako lanaren inguruko hausnarketa sakona egitea: egindakotik ikasiz, akatsak zuzenduz eta etorkizunari zuzen begiratuz. Plan Estrategikoaren arrakasta hein handi batean jarraipenari lotua dago”.

Manterolak argitu digunez, “gaur egun, aldaketa sozioekonomikoak oso azkar ematen direla kontuan harturik, gurean abian jarri dugunaren antzeko Tokiko Garapen prozesuek egoera aldakorretara moldatzeko ahalmena ezinbestekoa dute”. Hori dela eta, asteleheneko bileran Sakanako Sozioekonomia Behatokiak SPE onartu zenetik egindako lana baloratu eta aurtengo ekintzak zehaztuko ditu.

Toki erakundeek eta Sakanako eragileek hartu zuten bere bizkar SPE egiteko lana, ekonomia sustapena Nafarroako Gobernuaren eskumena dela jakinik. Plana onartu zenetik Nafarroako Gobernuaren parte-hartze aktiboa bilatu du eta astelehenean planaren negoziazio batzordeak bere jardunaren berri emanen du.