37 txirrindulari trebatuko dira Aralar Txirrindularitza Taldean

Guaixe 2015ko api. 21a, 09:33

Larunbatean egin zuten denboraldiaren aurkezpena, Leitzan

Lakuntzan egoitza duen Aralar Txirrindulari Taldeak urtero herri ezberdinean egiten du denboraldiko aurkezpena, izan ere, hainbat herrietako neska-mutikoak biltzen dira Aralarren: Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Uharte Arakil, Izurdiaga, Irurtzun, Leitza, Latasa, Lekunberri, Areso, Leitza… Horregatik aurten Leitzako plazak eta zineak hartu zuten aurkezpen ekitaldia, Lekunberriko Aralar irratiko Martin Juanenak aurkeztu zuena. “Urte bat gehiago bildu gara, aurten Leitzan, hainbeste kirolari bikain eman dituen herrian. Hona etortzea kirolaz bizitzea da. Gaur Mikel Nieve dugu gogoan, egun munduan erakustaldi bikaina ematen ari dena. Ziur gara ere, aurten Aralar Txirrindularitza Taldeak ere kanpaina bikaina aterako duela” hasi zuen aurkezpena Juanenak.

36. denboraldia
Aralar Txirrindularitza Taldearen errepasoa egin zuen Aralar irratiko esatariak. “1980 urtean sortu zuen taldea Joxe Andueza lakuntzarrak. Sakanan afizio ikaragarria zaio txirrindularitzari. Aurtengoa taldearen 36. denboraldia izango da eta urte hauetan txirrindulari bikainak eman ditu Aralarrek: Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Javier Etxarri, Joseba Larralde, Javier Garziandia… makina bat afizionatu… zenbat kirolari bikain atera dira, gizaseme sanoak, biziari etekin handia atera diotenak. Hor bere apurra jarri du Aralarrek” nabarmendu zuen Juanenak.

Segidan guztia aurrera ateratzeko ezinbestekoak diren babesleak aipatu zituzten, Irabia Intersport bereziki. “Migel Cavodevillak hasieratik Aralar taldearen aldeko apustua egin zuen eta urtero bere horretan jarraitzen du, ahalegin handia eginez. Sakana Kooperatiba Fundizioa ere, beti txirrindularitzaren alde, Arbizuko Bikain Garajea, Lakber, Floristeria Lorea, Albi, Agrozumos, Xalok mediku zentroa.. eskerrik asko guztiei. Baita Sakanako Mankomunitateari, Araitz-Areso-Betelu-Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitaeari eta Lakuntza, Etxarri Aranatz, Arbizu eta Lekunberriko Udalei, urtero ahalegina egiten dutelako txirrindularitza probaren bat antolatzeko” azaldu zuen.

Etxarri: “familia honetan geroz eta gehiago gara”
Segituan Aralar Taldeko presidente Javier Etxarrik hartu zuen hitza. Leitzako Udalari eta Mikel Martinez txirrindulariari eskerrak eman zizkien, aurkezpena antolatzeagatik. “Gustura etorri gara. Pribilegiatu bat naiz Aralarren egoteagatik, etxean bezala sentitzen naiz. Familia honetan geroz eta gehiago gara, harreman ona dugu eta hori da denboraldi guztirako nahi duguna. Txirrindulariak ilusioz gainezka egongo zarete, baina kirol honetan lan handia egin behar da eta asko sufritu. Zuek zarete festa honetako protagonistak. Hortaz, ametsak lortu nahi badituzue… bideo gutxiago eta errepide gehiago!” adierazi zuen barre artean.

Aurten 37 txirrindulari trebatuko dira Aralarren. Eskolan 26 egonen dira, tartean hainbat neska, eta horregatik pozik zegoen Etxarri. Horiei 7 kadete eta 4 jubenil gehitu behar zaizkie. “Eskola polita dugu aurten. Aurreko urtean 9 txirrindularik agur esan ziguten eta beste horrenbeste etorri dira. Hortaz, mantentzen gara. Egungo garaiak eta txirrindularitza bezalako kirol bat dela kontuan hartuta, zenbaki oso polita da” azaldu zuen. Bestalde, hitz goxoak izan zituen Alfonso Tadeo, Ana Lopez, Patxi Irastorza, Javier Huarte, Jon Gil, Juanjo Erdozia, Jose Cerviño, Pedro Galarza eta Iñaki Mauleon entrenatzaileendako. “Lanetik etxera etorri eta neska-mutikoak entrenatzera eramatea meritu handikoa da. Eta gurasoen inplikazioa baita. Entrenamenduetara eramatea, lasterketetara joatea, klubeko lanak egitea… hori bai, giro onean. Etxe honetan ez ditugu kirol emaitzak exijitzen. Bakoitzak ahal duena egin dezala. Horrekin konformatzen gara, garrantzitsuena txirrindularitza sustatzea delako” azpimarratu zuen presidenteak.

“Zorte on guztioi, errepidera eta gogor ekitera” hitzekin bukatu zuen jarduna Javier Etxarrik. Bukatzeko, txirrindulariak, gurasoak, entrenatzaileak eta ekitaldian bildutako guztiak auzate ederra izan zuten Leitzako plaza ondoko elkartean.

Aralar Txirrindularitza Taldea 205
Eskolak:
Promesak: Ibai Arana, Luka Martínez, Oier Irujo eta Aiert Balda.
Hasiberriak: Bakarne Arregi, Joritz Arratibel, Alain Rosado, Manex Zufiaurre, Aimar Pueyo, Xabier Yeregi eta Aritz Oiarbide.
Kimuak: Ohian Arana, Mikel Yeregi, Aimar Tadeo eta Jon Erdozia.
1. urteko haurrak: Igor Arrieta, Aitor Alberdi, Mikel Martínez, Sergio Romero, María Beraza eta Asier Irujo.
2. urteko haurrak: Urko Gorriti, Joseba Huarte, Joana Irastorza, Jon Gil eta Leire Maiza.
Entrenatzaileak: Alfonso Tadeo, Ana Lopez eta Patxi Irastorza.

Kadeteak: Iker Cerviño, Beñat Etxezarreta, Imanol Galarza, Unai Lizarraga, Xabier Mauleón, Javier Mitxaus eta Ander Rosado.
Entrenatzaileak: Jose Cerviño eta Pedro Galarza.

Jubenilak: Izai Mauleón, Nestor Baroja, Patxi López eta Gorka Arbizu.
Entrenatzaileak: Jose Cerviño eta Iñaki Mauleon.