Ikastolekin Pol-Polera joateko izena ematea zabalik

Guaixe 2015ko mai. 6a, 13:11
Plazaolara egindako irteera.

Nafarroa Oinezen aldeko mendi irteera maiatzaren 17an izanen da eta izena ematea zabalik dago

Ikastolaren mendi taldeak ikasturteko azken irteera antolatu du maiatzaren 17an, Pol-Polera. Urkiolako gainetik bi ibilbide egiteko aukera eskaintzen da, 6 km-koa bakoitza, errazena haur aulkitxoekin egiteko moduan. Egun osoko irteera da.

Autobusa maiatzaren 17an goizeko 9:30ean abiatuko da Etxarriko Larrañetako autobus geltokitik. 55 bidaiariendako doako autobusa izanen da, baina izena aurretik eman behar da ikastolako bulegoan. Kopuru hori gaindituz gero, autoak edo denon artean ordaintzeko bigarren autobus bat antolatuko da.

Familia bakoitzak bere gosaria eta bazkaria eramanen ditu, eta bazkaria irteera bukatu ondoren izanen da, San Antonio inguruan. Ibilbide hau OINEZ GAILURRA ekimenaren barrukoa da, eta, hortaz, familia bakoitzak 10 euro jarriko ditu Baztan ikastolari laguntzeko.