Olatzagutia Sakanako eskolen bilgune

Guaixe 2015ko mai. 8a, 09:03

Bihar ikastetxe publikoek euren festa ospatuko dute bosgarrenez, Sakana herri-eskolekin sortzen lelopean.

Sakanako eskoletako hezkuntza komunitate guztiak bihar Olatzagutian dute hitzordua. Irurtzundik Olatzagutia bitarteko eskolek guztira 1.400 bat ikasle hartzen dituzte. Biharko egunarekin eskola kalera atera eta sare publikoa erreferente gisa sustatzeko asmoz antolatu dute. Aldi berean, parte hartze aktiboa sustatu nahi dute, baita ikastetxeen arteko elkarlana ere.

Aurkezpenean Olatzagutiko eskolako ikasleek bertsotan ikastetxe publikoen identitatea eta aniztasuna aldarrikatu zuten. Etxarri Aranatz, Lakuntza, Arbizu eta Altsasun aurretik egindako festetan islatu izan da. Antolakuntza lanetan ibarretako eskolak, haietako guraso elkarteak eta Sortzen ari dira.

Elkarlanaren adibideak
Sakanako ikastetxeak ibarreko curriculuma sortzen hasi dira. Institutuarekin elkarlanean haren ate irekien eguna antolatzen dute eta Haur Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzaren arteko koordinazioa sustatzen ari dira.

Bestalde, Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko ikastetxeek elkarrekin eskola txikien festa ere antolatzen dute. Lau eskolek, gainera, plan estrategikoa martxan dute. Horren barruan gurasoak elkar ezagutzeko ekintzak, elkarrekin pedagogia proiektu bera martxan jartzen ari dira, lanak elkarrekin zehazten ari dira.

Egitaraua

San Migel enparantzan
10:00etatik 13:00etara Tailerrak. Herri eskoletako guraso elkarteen eskutik.
11:00etan Aurkezpena.
    Bertsoak eskolako ikasleekin.
    Eskolako abestia.
    Euskaraz bizi nahi dut flash-movie. Denak dantzatzera!
14:00etan Festa bukaera.
14:30ean Herri bazkaria.

Sarasate enparantzan
11:30ean Euskaraz Mintza jokoak txikiendako.
12:00etan Euskaraz mintza Altxorraren bila.
13:00etan Pantxika eta Txinparta pailazoak.
Bukatzeko, eskolako gurasoek egindako etxeko postreen zozketa eginen da.
10:00etatik 13:00etara Tailerrak
    Hamarratz: josi dezagun denen artean panpin erraldoia… Euskara herria!
    Henna, trentzak, pastak eta tea. (Mank-eko Immigrazio Zerbitzua).
10:00etatik 14:00etara Txikiendako puzgarria.

Argomaniz enparantza
12:00etan Aizkolarien erakusketa.

Oharrak:
Festako tabernan freskagarriak eta pintxoak izanen dira.
Eguraldi txarra eginez gero festa kiroldegian eginen da eta bazkaria eskolako frontoian.
Aparkalekua, kiroldegian.