Giro aparta Sakanako eskolen festan

Guaixe 2015ko mai. 12a, 16:09

 Larunbatean Sakanako ikastetxe publikoen mosaiko koloretsua zabaldu zen Olatzagutian. Bertso eta dantza bidezko agurra egin zieten eskolako haurrek festara hurbildu zirenei. Giro ederrean elkartu ziren makina bat sakandar. Guraso elkarte bakoitzak bere ekarpena egin zion jaiari bere tailerrarekin. Bateko eta besteko haur eta gurasoak hurbildu ziren haietara. Elkarrekin ere aritu ziren: flash-mob jendetsuan, immigrazio zerbitzuak antolatutako ekintzetan, buruhandiekin, pailazoekin eta beste hainbat jardunetan, ospakizunaren leloak zioen moduan: Sakana herri-eskolekin sortzen.  

Antolakuntzaz arduratu zen Olatzagutiko eskolatik esan digutenez, “eguraldiak lagunduta giro aparta nagusitu zen herriko plazan eta inguruan”. Eskolatik festa aurrera ateratzeko lan egin zuten guztiei baita parte-hartzaileei ere eskerrak eman dizkiete. Heldu den urte festa antolatzeko lekukoa Irurtzungo Atakondoa eskolari pasa zioten, “onena opatzearekin batera”.