Europako Valorg proiektuko kideen bilera Altsasun

Guaixe 2015ko mai. 14a, 10:54
Valorg proiektuko europear kideak Gure Etxean batzartuak daude.

Frantzia, Belgika, Txipre, Eslovakia eta Sakanako ordezkariak biltzen dituen Valorg proiektuko ordezkariak Altsasun elkartuko dira gaurtik larunbatera arte. Lanpostuak sortzea helburu duen Europako proiektuaren nazioarteko bigarren bilera izanen da.

Sakanako Mankomunitatea hondakin organikoen balioztatzearen inguruko Europako Valorg proiektu bateko kide da. Europako Batasunaren prestakuntza bidezko lan sorkuntza markoaren barruan, Progress programan kokatuta dago proiektua eta 18 hilabeteko iraupena du. Proiektuko kideek aurreneko bilera otsailean egin zuten Estrasburgon. Ondoren tokian tokiko proiektuak ezagutzeko bisita erronda hasi dute, lehen geldialdia Sakana, Altsasu, izanik. Irailean Txipren elkartzekoak dira.

Batzuk konposta lantzen ari dira, besteak biogasa. Herrialde bakoitzean proiektua aurrera eramateko erakundeek, unibertsitateek eta enpresek clusterrak sortu dituzte. Aipatu bileretan cluster bakoitzak bere proiektuaren garapena zein den azalduko du. Aldi berean, guztien artean helburuak eta egitasmoak partekatuko dituzte.

Aldi berean, hainbat lan talde sortu dituzte: ebaluazioa, lan berdea, lanpostu prestakuntza eta materia organikoaren berreskurapena. Haien egitekoa hurrengo pausoak zehaztea eta prozedura eta protokolo komunak finkatzea da. Baina ez dira Gure Etxea eraikinetik atera gabe geldituko. Atzo arratsaldean Arazuriko eta Noaingo materia organikoa kudeatzeko azpiegiturak bisitatu zituzten. Bihar arratsaldean, berriz, Altsasu inguruetan barnako bisita gidatua izanen dute, ingurua ezagutzeko.

Valorg proiektua
Materia organikoaren kudeaketaren inguruan lanpostuak sortzeko aukerak eta hezkuntza aldetik dauden beharrak eta aukerak aztertzea da proiektuaren helburua. Sakanako Mankomunitatea buru duen clusterrean Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Sakanako Garapen Agentzia eta Vermican eta Kerabi enpresak daude.

Sakanako bost helburuak
Proiektuak langileen profilak eta materia organikoa ondo kudeatzeko behar diren hezkuntza programak garatu nahi ditu; gaur egun oso mugatua baita eta beharrezkoa baita lanpostuak sortu ahal izateko. Bost helburu zehatz ditu.
· Arbizun konpost planta bat sortzen bada, hura kudeatzeko beharko liratekeen langileen profilak aztertu eta hezkuntza programa bat garatu. Hondakinen kudeaketa integralerako enplegu tailerrarekin lotuko da.
· Sakanan auzokonpost boluntario sarea sortu eta NUPen bidez hezkuntza zertifikatu ofiziala emateko aukerak aztertu, eta hezkuntza programa garatu.
· Materia organiko sortzaile handiendako hezkuntza programa bat garatu, Arbizun konpost planta aurrera ateratzen bada hara doan materia organikoaren kalitatea eta kantitatea handitzeko.
· Materia organikoaren kudeaketaren inguruko NUPen uda ikastaroak egin Sakanan.
· Konpost plantaren produktuaren merkatu potentzialak aztertu.



Egitaraua  
Maiatzak 14, osteguna
9:00etatik  9:30era Progress Valorg proiektuko partehartzaile transazionalei ongietorria.
9:30ean Birgogoratzea: Valorg egitaraua, helburuak eta esperotako emaitzak.
10:00etatik 10:30era Atsedena.
10:30etik 12:00era Benchmarking informearen aurkezpena.
13:00etatik 14:30era Bazkaria.
14:30etatik 15:00etara Cluster nazionalak, bakoitzaren helburuak eta rolak. Egindako bileren laburpena.
15:00etatik 16:30era Ebaluaziorako lantaldea. Ebaluazio protokolo eta galdeketak.
Lan berdeen lan taldea. Lan berdeen inguruan dauden lanpostuak eta materia organikoko formazioa.
16:30etik 17:00etara Atsedena.
17:00etatik 18:30era Zabalkunde plana.

Maiatzak 15, ostirala
9:00etatik 10:30era Lanpostuan formazioaren lan taldea. Formazio moduluen idazketa
10:30etik 11:00etara Atsedena.
11:00etatik 13:00etara Lanpostuaren formazioaren lan taldea. Formazio moduluen idazketa
13:00etatik 14:30era Bazkaria.
14:30etik 16:00etara Lanpostuan formazioaren lan taldea. Hurbilketa didaktikoa eta tresna pedagogikoak.
Materia organikoaren errekuperazioaren lan taldea. Egoera lurralde bakoitzean eta lanerako orri teknikoaren aurkezpena.
16:00etatik 16:30era Atsedena.
16:30etik 18:30era Esperimentazio protokoloa. Experimentazio prozesua eta experimentazio txostenaren laburpena.

Maiatzak 16, larunbata
8:00etatik 10:30era Zuzendaritza junta.Bileraren iruzkin eta balorazio orokorra. Lan egutegia eta harturiko erabakien birgogorapena; administrazio eta finantza gaiak
Hurrengo bilkura nazioarteko antolakuntza.