146 ikaslek parte hartuko dute Sakanako orientazio proban

Guaixe 2015ko mai. 20a, 13:03
Aurreko urteko orientazio proba.

Asteartean jokatuko da, 10:00etan, Arbizuko basoan. Altsasuko Institutuko, Aguraingo eta Etxarriko Andra mari ikastolako 146 ikaslek parte hartuko dute guztira

Arbizuko Zubaat eta Sandindegi inguruek beste behin ikasleendako Sakanako orientazio proba hartuko dute. Sakanako eta Aguraingo ikastetxeek antolatu dute, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin. Proba asteartean jokatuko da, 10:00etatik aurrera. Altsasuko Institutuko 75 ikaslek, Aguraingo 45 ikaslek eta Etxarriko Andra Mari ikastolako 26 ikaslek parte hartuko dute, 146 ikaslek guztira.

Jarduera DBHko 4. Mailako ikasleei zuzendua dago eta Andra Mariren kasuan 3. Mailakoek hartuko dute parte. Mank-etik adierazi dutenez, hurrengo urteetan Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak eta Jesusen Bihotza ikastetxeak ere parte hartuko dutela aurreikusten da.

Orientazio probarekin ondoko helburuak bulkatu nahi dira: basoan segurtasunez ibiltzen ikastea, mapa bat interpretatzen jakitea eta baita iparrorratza erabiltzen ikastea ere. Aldi berean, aisialdian naturak eskaintzen dituen aukerak eta Sakanako naturguneak ezagutarazi nahi dira eta Sakanako eta gertuko ikastetxeen eta ikasleen arteko harremanak bulkatu nahi dira.