Futsalsakana kopa Racing San Migelendako

Guaixe 2015ko mai. 21a, 10:28

Uharte Arakilgo taldeak dobletea lortu du: liga eta kopa irabaztea

Zalantzarik gabe denboraldi borobila izan da aurtengoa Uharte Arakilgo Racing San Migelendako. Sakanako taldeak hartzen dituen Futsalsakana txapelketa irabazi zuten uhartearrek, Bunker talde altsasuarrarekin launa berdindu eta gero, penaltietan. Eta, orain, kopa altxatu dute uhartearrek, atzera ere Bunker menpean hartu eta gero.

Zale asko joan ziren kopako finala ikustera. Partida bikaina izan zen. Hasieran Bunker dominatzen hasi zen. Racing San Migelen atera iritsi zen behin eta berriz, baina Iñaki atezainak sekulako partida egin zuen eta altsasuarren erasoak gelditu zituen. Racing Bunkerren atera iritsi zen lehen aldian Jose Marik gola sartu zuen eta 1-0 aurreratu zen Racing. Hala ere, Bunkerrek ez zuen etsi eta Xabik berdintzea lortu zuten. Baina atsedenaldia baino lehen uhartearrek bi gol sartu zituzten eta 3 eta 1 irabazten zeudela despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatian Bunker behin eta berriz iritsi zen Racingen atera baina baloiak ez zuen sartu nahi. Aldiz, Racingek kontraerasoan arrisku asko sortu zuten eta laugarren gola sartu zuten. Bunkerrek bigarren gola sartu zuen eta Uriz atezain-jokalari jarri zuten, partida berdintzen saiatzeko. Baina uhartearren kontra ezin izan zuten eta kopako finala irabazi zuen Racingek, 5 eta 2. Aurten dobletea lortu izana ederki ospatu zuten uhartearrek.

Koparen finalarekin despeditu da Futsalsakanako aurtengo denboraldia. Baina aretoko futboleko jarraitzaileak lasai egon daitezke, Irurtzunen areto futboleko 12+12 orduak antolatu baitituzte. Izena ematea zabalik dago (talde bakoitzak 100 euro). Txapelketa irabazten duen taldeak 700 euro jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta hirugarrenak eta laugarrenak 100 euro. Informazioa futsalsakana.es web orrian.