Bixentek eta Mazkiaranek Euskal Herrikoari ekin diote

Guaixe 2015ko mai. 21a, 11:42

Bixente Mitxelena lehena izan zen Euskal Herriko Ligako lehen jardunaldian eta Ainhoa Mazkiaran bigarrena sailkatu zen emakumezkoetan

Euskal Herriko Sega Liga hasi da eta bertan lehian ditugu Bixente Mitxelena eta Ainhoa Mazkiaran bikote altsasuarra. Asteburuan lehen jardunaldia jokatu zen Azpeitian, Loiolako santutegiko belardietan.  

Emakumezkoetan 6 partaide izan ziren. Azkartasuna eta txukuntasuna kontuan hartuta, Alaitz Imaz izan zen onena (1:43). Bigarren postuan sailkatu zen Ainhoa Mazkiaran altsasuarra (1:56). Atzetik sailkatu ziren Irati Astondoa, Galarraga, Etxaburua eta Otamendi. Gizonezkoetan 24 segalari lehiatu ziren eta Altsasun bizi den Bixente Mitxelena oiartzuarra izan zen txapelduna. Lan bikaina egin zuen, eta zigorrak eta beste batuta 2:56 izan zen bere denbora. Bere atzetik Koldo Artzelus sailkatu zen, 16 segundora eta hirugarrena Andoni Urrutia, 21 segundora.

Euskal Herriko Liga despeditzeko beste bi jardunaldi jokatuko dira. Hiru jardunaldiak kontuan hartuta segalari onenak direnak agorrilaren bukaeran Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketan aritzeko txartela lortuko dute. Horrela jarraituz gero, sakandarrek bertan egoteko aukera asko dituzte.