Iskizak gimnasia erritmikoko campusa antolatu du

Guaixe 2015ko eka. 8a, 09:10

5 txanda izango dira, ekainaren 22tik irailaren 4ra bitartean

I. Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko campusa antolatu du Iskizak udarako. Campusa gimnasia erritmikoa gustuko duten 6 urtetik gorako Sakanako neska-mutikoei zuzendua dago, udako aisialdiko une bat gimnasia erritmikoari eskaini nahi diotenei.

Bost txanda
Campusa ekainaren 22tik irailaren 4ra bitartean gauzatuko da, 5 txandatan: lehena, ekainaren 22tik 26ra bitartean, bigarrena, ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, hirugarrena uztailaren 20tik 24ra, laugarrena uztailaren 27tik 31ra eta azkena abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera izanen da txanda bakoitza, 9:00etik 14:00etara, Altsasun. Txanda bakoitza ateratzeko gutxienez 10 neska-mutikok eman beharko dute izena. Iskiza klubeko gimnastek 60 euro ordaindu beharko dituzte txanda bakoitzeko, eta gainontzekoek 75 euro. Egun bakoitzeko, aldiz, gimnastek 14 euro pagatu beharko dituzte eta gainontzekoek 17 euro. Txanda batean baino gehiagotan izena ematen dutenek %10eko deskontua izango dute eta anai-arreba batek izena ematen badu %10eko deskontua eginen zaie ere.

Iskizatik adierazi dutenez, ondoko atalak landuko dituzte: gimnasia erritmikoko aparatuak, elementu akrobatikoak, zumba, tailer ezberdinak –makillajea, kamisetak eta abar–, igerilekuak (ostiraletan), dantza klasikoa, prestaketa fisikoa eta jokoak. Ondoko materiala beharko dela gaineratu dute: kirol arropa eta oinetakoak, ur botila eta igerilekuetarako jantziak –bainujantzia, txankleak, toalla eta eguzkitako krema–. Matrikularen prezioaren barruan jasotzen dira entrenamenduak, asegurua, hamaiketakoa, instalazioak, kamiseta eta igerilekuetara joateko sarrera.

Izena emateko
cdiskiza@hotmail.com posta elektronikoan edo 677 718 699 (Cristina) telefonoan emango dituzte argibide guztiak.