Jendetza Aralarko Corpus Christin

Guaixe 2015ko eka. 9a, 15:30
Fededunak Trinitate ermitarako prozesioan, Aralarren.

Eguraldia lagun, Corpus egunean, igandean, jende ugari elkartu zen Aralarko santutegian. Hiru elizkizun izan ziren eta hiruen ondoren Aralarko aingerua gurtu zuten fededunek. Azken elizkizunaren, meza nagusiaren ondoren, santutegitik Trinitateko ermitara prozesioa egin zen, gurutze nagusia buru zela. Atzean, aingeruaren irudia, apaiza palio azpian eta hainbat fededun. Aralarko Deun Mikel Kofradiako kideek eraman zuten palioa. Garai batean mendian bizi ziren eta igandero mezara joaten ziren artzainen ardura zen palioa eramatea. Baina autoen agerpenarekin batera mendian bizitzeari utzi eta ohitura hori galdu zen.  

Gobernuari eskaera
Santutegian Corpus eguna beti ospatu da. 30eko hamarkadan hainbat tokitan egiteari utzi zioten eta horrek bultzada eman zion Aralarko santutegiko ospakizun kristauari. Arrakastak santutegi inguruko aparkalekuak txiki utzi zituen. Hala gertatzen da gero eta maizago, Aralarko santutegian zerbait berezia dagoen aldi bakoitzean. Kofradiako kideak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri izan dira aparkatzeko arazo horri konponbidea emateko, baina oraingoz erantzunik ez dute jaso.