Bernoako galtzada berreskuratzen

Nazioarteko taldea Bernoako galtzada berreskuratzen

Guaixe 2015ko uzt. 1a, 08:11
Urdiaingo basoa zeharkatzen duen galtzada.

Jatorri ezberdineko 15 gaztek hamabostaldian eginen dute garai bateko galtzada berreskuratzeko lanean.

Garilaren lehen hamabostaldia Frantzia, Errusia, Korea, Espainia eta Mexiko 15 bat gazte Sakanan izanen ditugu. 18 eta 23 urte arteko unibertsitariak dira denak. Bernoako galtzada berreskuratzeko lanera etorriko dira. Sakanako Garapen Agentziarekin elkarlanean, De Amicita gobernuz kanpoko erakundeak ekarritako boluntario taldea izanen da Bernoako galtzada berreskuratzeko, azaleratzeko, eta estalitako zatiak opatzeko lanean ariko direnak. Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainen ariko dira gazte boluntarioak lanean, herri bakoitzean bi egun eta erdi emanez.


Bakaikuko galtzada.

Galtzada
Bernoa edo Berrenoako galtzadak Lizarraldea eta kostaldea (Donostia eta Pasaia) lotzen zuen garai batean. Bakedanotik Santa Marinan barna Iturmendira doa galtzada (14 km) eta Aritzaga ermita atzean utzita basoan sartzen da bidea mendia gaindituz Sakana Ataunekin lotuz (12 km). Bidean guardien txabolaren aztarnak ikus daitezke. Kontrabandoaren kontra jarduten ziren haiek. Aduana ere bazegoen.

Etxarri Aranatz eta Bakaikuko beheko basotik doan adarrak Bernoako galtzadarekin Iturmendiko Aizkibel-Mandabita dermioan bat egiten du. Bakaikuko beheko basoan galtzada zati batzuk ikusi egiten dira, baina traktoreek hondatu dituzte. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egitearekin galtzadak garrantzia galdu zuen.

Bernoako galtzadaren moduetan, ordea, mandazainak ibiltzen ziren aurrea atzera.  Bernoa moduko galtzaden jatorriari buruzko hipotesi ugari daude. Haietako batek dio aurre-historiakoak izan daitezkeela, haien aldamenean trikuharriak eta bestelako monumentuak eraiki zirelako. Besteak, berriz, erromatar bide nagusiaren adarrak izan daitezkeela dio. Sakana ekialdetik mendebaldera Bordele eta Astorga arteko erromatar galtzadak zeharkatzen zuen. Bide nagusia zen.

Iturmendiko galtzada.

Zaharberritzeak

Ipar-hegoa trazatua duten galtzada horiek zaharberritu eta zabaldu egin zituzten Burundako eta Etxarri Aranazko mandazainek XVIII. mendean. Urdiaingo alminteak  joan den urtean agerian utzi zuen herria eta Ataun lotzen dituen galtzada. Urriztiko auntzetxetik abiatuta ibilbidea prest dago. Iturmendik 90eko hamarkadaren bigarren zatian garbitu eta seinaleztatuta zuen galtzada.

Erlazionatuak

Auntzetxea abiapuntu

Guaixe 2014 api 17 Urdiain