Lacturalek Osasunaren administrazio salbaziorako mailegua eman zuen

Guaixe 2015ko eka. 25a, 16:23

Iruñeko auzitegian Osasunak mailari eusteko partidak erosi dituen ikertzen ari dira eta Etxeberriko enpresaren mailegua horretara bideratu zen ikertzen ari da epailea.

Aurreko ostiralean Lacturaleko buru Juanma Garrok onartu zuen Osasuna futbol taldeari 220.000 euroko mailegua egin ziola klubaren salbazio administratiborako. Antza, klubeko kideek dirua partidak erostera bideratu zuten gero. Garrok azaldu zuenez, “orain arte egin dugun bakarra Osasuna babestea izan da eta horretan segituko dugu”. Lacturalekoak argitu zuenez, “premiazko ordainketak egiteko dirua eskatu ziguten, bestela administrazio erabakiagatik mailaz jaitsi zitekeelako eta kirol arloan mailari eusteko aukera zegoelako”. Abeltzainei nominak ordaintzeko zuen dirua baliatu zuen Lacturalek horretarako eta hilabeteren bueltan itzuli zion klubak.