V. Sakana Burunda txirrindulari martxa larunbatean

Guaixe 2015ko eka. 26a, 12:08

Bihar abiatuko da, 8:30ean, Altsasutik. Bi aukera izango dira: ibilbide osoa, Aralarreko San Migelera itzoko dena (124 km) eta Aralarrera itzoko ez dena (100km)

Burunda Txirrindularitza Klubak V. Sakana Burunda txirrindularitza martxa prestatu du biharko. Aurreko urtean agorrilaren 23an antolatu zuten txirrindularitza martxa, Vuelta Sakanatik pasa baino aste pare bat lehenago, baina aurten martxa aurreratzea erabaki dute, egutegian toki finkoagoa egiteko asmoz. Helburua, orain arte bezala, Sakana ezagutaraztea eta bizikletarekin egun ederra pasatzea da. Proba antolatzeko Rural Kutxa, Lacunza Calor Group, Altsasuko Udala eta hainbat komertzio eta erakunderen babesa jaso du Burunda klubeko berregituraketatik sortu den Barranka Txirrindulari Taldeak.  

Bi ibilbide: 124 km edo 100 km
Aurreko urtean bezala, aurten ere bi ibilbide izanen dira: ohikoa, tartean Uharte Arakilgo pistatik Aralarrera igoko dena (124 km), eta laburrago bat, Aralarrera igoko ez dena (100 km). Bihar, goizeko 8:30ean Altsasuko Foru Plazatik aterako dira txirrindulari guztiak, Ziordirantz. Han buelta hartuta Urbasako Altamira portua igoko dute, Etxarriraino joateko. Han Lizarragako Katea igo, Arbizutik jaitsi, eta aurrera egingo dute, Uharte Arakileraino. Ibilbide luzea hautatu dutenek San Migelekoko portua igoko dute, Baraibartik Oderitzera jo eta Madotzeko portua jaitsiz, buelta hartu eta Altsasuraino jotzeko (124 km, 2.011 metroko desnibel positiboa). Ibilbide laburra hautatzen dutenek, aldiz, Uharte Arakilera helduta Aralarrerantz jo beharrean aurrera eginen dute, Zuhatzuraino. Han buelta hartu eta Altsasuko helmugarantz joko dute (100 km, 1.050 m desnibel positiboa).

San Migelgo igoera, kronometratuta
V. Sakana Burunda proba ez lehiakorra da, baina Uharte Arakildik (456,30 m) San Migelera (1216 m) bitarteko 9,4 km-ko igoera kronometratua izango da, proba ez lehiakorrari saltsa emateko. Gehienezko malda %18koa da. Aurreko edizioan 180 txirrindularik hartu zuten parte eta San Migelgo igoera kronometratuan Felix Valcarcel iruindarra izan zen azkarrena (31:52). Hala ere, ez zen lortu duela 4 urte Carlos Palaciosek ezarritako denbora onena gainditzea (30:47). Guaixeko erredakzioa ixterakoan 112 txirrindulari zeuden izena emanda. Dena den, eguraldi bikaina iragarri dute eta askoz gehiago izatea espero dute.

Antolakuntzak hiru hornidura gune prestatuko ditu ibilbidean barna. Lehena Guardetxen egonen da, eta edari eta janari hornidura izanen da. Ihabarren hornidura likidoa prestatuko dute eta, azkena, Altsasun, helmugan, hornidura likidoa eta janariarekin.  Antolatzaileek parte-hartzaileen esku jarriko du laguntza mekanikoa, ibilbide guztian barna. Proba trafikoa zabalik dagoela gauzatuko da, San Migelgo igoera kronometratua izan ezik.

Opari lotea
Txirrindularien artean babesleek emandako opari lote sorta ederra zozketatuko da eta San Migelgo kronoigoerako onenek sariak jasoko dituzte. Guztiek bapo bazkaltzeko aukera izango dute.

Izena emateko: www.barrankatt.com
Aurrez izena emateko Barranka Txirrindulari Taldeko web orrira jo behar da. Bestela, egunean bertan galdetu daiteke, Gure Etxean, beti ere antolakuntzak jarritako 250 parte-hartzaileen muga gainditua ez badago. Probaren informazio guztia, rutometroa barne, web orrian dago ikusgai.