Auto klasikoen erakarpena

Guaixe 2015ko uzt. 7a, 10:43

120 ibilgailu pasa bildu ziren Altsasuko II. Klasikoen Topaketan

Larunbat goizean jende ugari pasa zen Zumalakarregi plazatik. Horretarako aitzakia auto klasikoen topaketan elkartutako autoak izan ziren. 100 auto, 15 motor, bi bizikleta, bi kamioi eta kart bat (joan den urtean 60 izan ziren). Guztiak klasikoak eta guztiak ikusgai. Topaketaren antolakuntzan aritu zen Aitor de los Santosek esan zigunez, ibilgailuak Erriberritik, Tafallatik, Donostiatik, Balmasedatik edota Basauritik ekarri zituzten Altsasura. Sakandarren ibilgailu asko ere bazeuden ikusgai. Hala ere, antolatzaileak kexu ziren “hemen halako auto asko daude eta jendeak ez ditu topaketarako atera”.


Auto klasikoen topaketa antolatzen den bigarren aldia da. Haren prestaketan aritu zen Eneko Pagolak azaldu zigunez, zaletasun handia dutelako ekin zioten topaketa antolatzeari. Plazak izan zituen bisita kopuruak arrazoia eman die. Ahoz ahokoak, kartelek, sare sozialek eta klasikoen beste topaketetan zabaldutako deialdiak oihartzun zabala izan zuen. “Autoekiko zaletasun handia dago Sakanan eta, bestela, halako ibilgailu bat ikusteak beti sortzen ditu oroitzapenak”.


Goizeko 10:00etatik 13:00etara Citroên historikoak, Renault Alpineak, R5ak, Golfak, BWMak, Seat 124ak, Seat 600ak, deportiboak, gerrako kamioi bat eta beste hainbat ibilgailu ikusteko aukera izan zuten. Topaketaren ondoren, haietako askok Arbizuko bidea hartu zuten. 120 pertsona elkartu ziren bazkaltzera.