Askapena beharrean espainiar estatua epaitzera deitu dute

Guaixe 2015ko uzt. 7a, 17:47
Auzipetuak larunbateko aurkezpenean izan ziren.

Erakunde internazionalista legez kanporatzea eta sei kide zigortzeko eskaera duen epaiketa lastailaren 19tik azaroaren 2ra eginen da. Aurretik espainiar estatu inperialistaren aurkako herri epaiketak egitera deitu dute.

Aritz Ganboa De Migel eta beste bost euskal herritarrendako sei urteko espetxe zigorra eskatzen dute ETAri laguntza ematea leporatuta. Askapena eta hari lotutako beste erakunde batzuk legez kanporatzeko eskaera ere egina dago. Epaiketa udazken hasieran hasiko da. Hura salatzeko Herriak Libre dinamika jarri du martxan Askapenak.

Larunbatean aurkeztu zuten hura Gasteizen. Aitziber Martinez de Lagosek adierazi zuenez, “ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitzea. Ez dugu inolaz baimenduko hamaika herriren zapalketa, ukazio eta suntsiketak eragin dituen Estatu inperialista honek, Espainiar Estatuak hain zuzen, herrien askatasunaren alde borrokatzen dugun kide eta eragileak epaitzea”.

Horregatik, “Euskal Herri errebeldeari eta nazioarteko mugimendu konprometituei” dei egiten zien: “ikasturte berriarekin batera, irailean, espainiar estatu inperialistaren aurkako herri epaiketak burutzera”.  Horretarako, udan auzo, herri eta ibarretan antolatzeko deia egin zuen, irailerako dena prest izateko. Jakinarazi zuenez, egiten diren herri epaiketa guztien sententziak bakarrean batuko dira lastailaren 12an, “espainiar estatu inperialistaren kontrako herri epaian”.