Azokako eskaintza berria: www.guaixe.eus eta bere komunitatea

Guaixe 2015ko uzt. 29a, 08:20
Bierrik fundazioko langileak azokan izanen dira Guaixe.eus Komunitateari buruzko argibideak ematen.

www.guaixe.eus-ek Sakanako plaza digitala izan nahi du. Sakandarrek haren bidez albisteak jaso bai, baina haiek sortu eta mundu guztira zabaltzeko aukera ere eskaintzen du, euskaraz. Gaur, 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko azokan web orria ezagutu eta komunitateko kide egiteko aukera izanen da.

Sakandarrek, erakunde eta talde guztiek mundura zabalik duten leihoa da www.guaixe.eus. Bierrik fundazioko kazetariek sortutako albisteekin batera, Komunitatearen bidez edozeinek sortu eta zabaldu ditzake edukiak, euskaraz. Idaztea maite dutenek, idatziak; argazkilaritza zaleek irudi solteak edo galeriak, eta edozein talde eta erakundetako kideek haien jardunaren berri edozein modutan. Guaixe.eus-eko Komunitateak web orria bera irekiago eta parte-hartzaileagoa bilatzen du.

www.guaixe.eus-en sartu eta Komunitateko kide egiteko aukera erraz askoa da. Hala ere, bakarren batek Sakanako plaza digitalean bere tokitxoa hartzeko laguntza nahi badu, gaur Altsasuko azokatik pasatzea du (nork bere gailua eraman dezake ere). Liburutegiaren zehar-aldean izanen da Bierrik fundazioko kide bat ordenagailu batekin eta behar diren azalpen guztiak emanen ditu. 11:00etatik 13:00etara, beraz, fruta, barazki, arropa, oinetako eta bestelakoen artean Guaixe.eus-en Komunitatearen eskaintza izanen da ere.

Informazio gehiago:
www.guaixe.eus/info/komunitatea