Eneko Aramendia, lehen nafarra Iruñeko Itzulian

Guaixe 2015ko ira. 1a, 15:26
Eneko Aramendia aurreko proba batean.

Iturmendikoak laugarren postuan despeditu zuen junior mailako 4 eguneko itzulia. Aramendia eta Etxeberria Nafarroako selekziorako konbokatu dituzte

Junior mailako txirrindulari sakandarrak ongi ibili dira. Agorrilaren 4tik 7ra jokatutako XXIX. Iruñeko Itzulian lan bikaina egin dute. Agorrilaren 5ean probako hirugarren etapa hartu zuen Etxarri Aranatzek, 83 km-koa. Giro bikaina egon zen eta txirrindulari ugari bildu ziren proba jarraitzera. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Asesores Navarra taldeko Alemandro Gomiz gailendu zen.

Sailkapen orokorra kontuan hartuta, Huesca La Magia taldeko Francisco Galvanek irabazi zuen Itzulia (8:43:06). Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia laugarren postuan sailkatu zen, probako lehen nafarra, 52 segundora. Itzuli bikaina burutu zuen iturmendiarrak. Bere taldekide Xabier Maiza 37.a izan zen, Juan Alberto Jimenez 44.a, Asier Etxeberria 47.a eta Irabiako Gorka Arbizu 53.a.

Bestalde, agorrilaren 18an juniorrek Villatuertan jokatutako proban Quesos Albenizeko Asier Etxeberria bigarrena izan zen eta Eneko Aramendia laugarrena. Euren taldekide Juan Alberto Jimenez 11.a izan zen eta Intersport Irabiako Gorka Arbizu 25.a.

Aramendia eta Etxeberria Nafarroako selekziora
Junior mailako Nafarroako selekziorako hautatu dituzte Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia eta Asier Etxeberria, hurrengo asteburuan Sabiñanigon jokatuko diren Espainiako Txirrindularitza Txapelketan parte hartzeko.

Eskolakoak Lizarran
Eskoletako neska-mutikoek agorrilaren 15ean proba izan zuten Lizarran. Lehendabiziko postuak aintzat hartuta, ginkanan haurren mailan Irabiako Igor Arrieta eta Aitor Alberdi lehena eta bigarrena izan ziren euren taldekide Sergio Romero laugarrena eta Joana Irastorza zortzigarrena. Kimuetan Burundako Martzel Etxeberria laugarrena izan zen eta Aralarko Jon Erdozia zazpigarrena. Lasterketei dagokienez, 2. Mailako haurren mailan Lizarrako Fares Teleilia nagusitu zen. Burundako Unai Villalobos hirugarrena izan zen eta Aralarko Urko Gorriti laugarrena. Lehen mailako haurren mailan Tafalleseko Imanol Garciak irabazi zuen, Burundako Iker Mintegi eta Aralarko Aitor Alberdiren aurretik. Aralarko Igor Arrieta seigarrena izan zen eta Sergio Romero zortzigarrena. 2. Mailako kimuetan Muskariako Hugo Aznar gailendu zen. Burundako Martzel Etxeberria laugarrena sailkatu zen eta Aralarko Jon Erdozia zazpigarrena. Eta kimuen lehen mailan Ermitagañako Eneko Cordobak irabazi zuen proba. Burundako Ander villalobos eta Mikel Unzilla hirugarrena eta laugarrena izan ziren, eta euren taldekide Unax Trevejo zazpigarrena. Aralarko Aimar Tadeo zortzigarrena sailkatu zen.