Oroimenarekin hitzordu bikoitza Urbasan

Guaixe 2015ko ira. 4a, 10:01
Joxe Aldasoro, Xochitl Karasatorre, Eneka Maiz eta Xabier Ulaiar aurkezpenean.

Igandean 1936an eraildakoak gogoan izanen dituzte; 10:30ean, saroiko lezean eta, 12:30ean, Otxoportillon.

Etzi 79 urte beteko dira Etxarri Aranazko kartzelatik bost gizon atera eta Urbasara hiltzera eraman zituztela; Clemente Araña, Paulo Garciandia, Andres Gonzalez, Antonio Maiza eta Narciso Artola UGTko kideak ziren. 1936ko irailaren 6ko gertakari haiek gogoan, azken 35 urteetan Etxarri Aranazko Udalak eta senide batzuk haien oroimenezko ekitaldia antolatu dute. Aurten, 35. edizioa, ekitaldia bikoiztu egin da. Urte luzeko ikerketaren ondoren eraildako etxarriarren gorpuak Otsoportillon beharrean Urbasako saroiko leze batean zeudela jakin delako. Horregatik, bi leku horietan oroimen ekitaldi bana izanen da.

Lehena saroian izanen da, 10 eraildako hartzen dituen lezearen inguruan. Haietako bederatziren identifikazioa Balbino Garcia de Albizu Jimenezen ikerketa lanei esker egin da eta bera izanen da ekitaldian hitza hartuko duena. Hari ikerketan lagundu zion Amaia Urkijo izanen da hizlaria Otsoportillon. Batean eta bestean, ez da lore eskaintzarik faltako.

Lantaldea
1936an gertatutakoa eta historia oroimena landu, gertaerei buruzko hausnarketa zabalagoa egin eta lan ildo batzuk abiatzeko asmoz lantaldea sortu berri da Etxarri Aranatzen. Hala jakinarazi du Eneka Maiz Ualaiar alkateak, aldamenean taldeko kide batzuk zituela. “Hasi berriak gara. Lantaldea eratzen ari gara eta nahi duten guztiei parte hartzeko deialdia egiten diegu. Taldearen helburuak, asmoak eta planak zehazte garaian gaude”.

Igandeko ekitaldiarekin batera beste bi data ere aurreratu dituzte. Lehena irailaren 19an, larunbatean, 11:30ean, izanen da. Garcia de Albizuk eta Urkijok duela 79 urteko gertaerei buruzko informazioa eta hezurduren identifikaziorako ikerketaren nondik norakoak azalduko dituzte hitzaldi batean. Bigarrena, lastailaren 31n izanen da. El Drogas eta La (Des)Memoria Band ariko dira Etxarrin. 36an eta alzheimerrean oinarritutako kantuak emanen dituzte.

Saroikoen identifikazioari buruzko informazio gehiago hemen.