Klinikak bere jakintza sakandarrekin partekatuko du

Guaixe 2015ko ira. 11a, 08:13

Josefina Arregi klinikak prestakuntzako 4 hitzaldi eta 3 tailer antolatu ditu udazkenerako. Interesa dutenei eta dementzia duten pertsonak zaintzen dituztenei zuzenduta daude saioak. Arreta eta prestakuntza zerbitzu baten baitan kokatzen dira.

Ospitalea, eguneko zentroa eta kanpo kontsultak; horiek dira Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak Altsasun eskaintzen dituen zerbitzuak. Orain udalekin eta osasun etxeekin elkarlanean, bere zerbitzuak “zahartze osasuntsuan eta gaitz neurodegeneratiboen prebentzioan eta zaintzan interesa duten pertsonei hurbildu nahi dizkie, erantzun koordinatua emateko”. Hala azaldu digu klinikako kudeatzaile Javier Saenzek.

Horretarako, klinikako arduradunek Sakanarako arreta eta prestakuntza zerbitzua martxan jarriko dute. Kudeatzailearen arabera, “ohitura osasuntsuak sustatzea eta gaitzak kaltetutako pertsonak eta haien familiak modu eraginkorragoan artatzea da helburua. Izan ere, helburu nagusia bizi kalitatea hobetzea da”.

Lau lan ildo
Josefina Arregi klinikako profesionalek beharren arabera elkarrekin osagarriak diren lau lan ildo zehaztu dituzte zerbitzu berria aurrera eramateko. Batetik, klinikako profesional taldeak emandako prestakuntza saioak, erietxean eta herrietan izanen direnak. Momentuz, Altsasuko egutegia zehaztuta dago, baina Sakanako beste herrietan ematea ez dute baztertzen. Haien osagarri izanen dira proiektua garatzeko beste erakundeekin elkarlanean egin daitezkeenak ere.  

Bestetik, proiektuaren zati da zaintzaileei zuzendutako prestakuntza ere; erietxean edo etxeetan litzateke. Klinikan hori martxan jartzeko lanean ari dira, baita gaixoei etxean arreta pertsonalizatua eskaintzeko ere.

Azkenik, psikoestimulazioko bi tailer mota eskainiko dituzte. Osasuntsu dauden eta hala zahartu eta gaitz neurodegeneratiboen prebentzioa landu nahi duten pertsonendako da bat. Bestearen helburua gaitzen interbentzio terapeutikoa da.


Egutegia*
Irailak 22, asteartea
Pertsona dependeteak nola mugitu; altxatzeko, lekualdatzeko eta mugitzeko aholkuak. Tailerra: Itziar Iturrioz (erizaina) eta Eneka Lizarraga (erizaintzako-laguntzailea).

Irailak 29, asteartea
Jokabidearen trastornoa duten dementziadun pertsonen erabilera; nola aurre egin urduritasun, oldarkortasun, aurkakotasun eta bestelako egoerei.
Hizlaria: Jose Joaquin Roldan (mediku psikiatra).

Lastailak 13, asteartea
Dementzia duten pertsonekin nola komunikatu; konpainia, ulermena eta entzumen aktiboa erraztu.
Hizlaria: Carmen Etxabarri (mediku neurologoa).

Lastailak 27, asteartea
Psikoestimulazioa etxean; estimulazio kognitiboa lagunduko duten jokabide eta proposamenak.
Tailerra: Laura Moreno (neuropsikologoa).

Azaroak 10, asteartea
Adinduen sindromeak: erorikoen sindromea. Loaren nahasmena. Informazioa eta prebentziorako jokabideak.
Hitzaldia: Paola Roa-Granthon (mediku geriatra).

Azaroak 24, asteartea
Musikoterapia; musika bidezko estimulazioa, komunikazioa eta emozioa.
Tailerra: Raquel Guerrero (okupazio-terapeuta).

Abenduak 15, asteartea
Bitartekoak eta gizarte laguntzak; Dependentzia Legeari buruzko informazioa, ezgaitasun prozesuak, laguntzak eta baliabideak.
Hizlaria: Josune Lopez de Goikoetxea (gizarte langilea).
    
*Saio guztiak Altsasuko Iortia kultur gunean dira, 18:00etan.