Gazteak euskarari buruz hausnartzeko gonbitea

Guaixe 2015ko ira. 10a, 18:41
Bi gazte hizketan, Etxarrin.

Etxarriko gaztetxean eginen da eta gazte sakandarrak izena ematera deitu dituzte.

Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuarekin batera, ibarreko gazteei zuzendutako euskararen inguruko hausnarketa saioak antolatu dituzte. Tailerraren helburua gazteek euskaraz egiteko oztopo, korapilo edo beldurrak uxatzea da eta, aldi berean, aurreiritziak apurtzea eta argudio berriak barneratzea. Saioetako parte-hartzaileek hizkuntzak kokatu, norberaren portaera ulertu, euskaraz egiteko argudio gehiago barneratu eta norberaren portaeraren ondorioak ezagutzeko aukera izanen dute.

Emun-ek gidatuta, hiru orduko hiru saio izanen dira: irailaren 19an eta 26an eta urriaren 10ean, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00etara, Etxarriko gaztetxean. Bideo, aurkezpen eta talde dinamiketatik abiatuta, saio arinak, parte-hartzaileak, dinamikoak eta erakargarriak eginen dituzte.
 
Izen-ematea
Irailaren 16rako Etxarriko Xapatero tabernan edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan (948 464 840 / euskara@sakana-mank.com). Gehienez 15 parte-hartzaile izanen dira.