Frankismoaren azken fusilamenduak gogoratzeko ekitaldia debekatua

Guaixe 2015ko ira. 23a, 14:15

Espainiako Gobernu Ordezkariak igandean, 17:30ean Altsasuko San Pedro ermitaren parean ezker abertzaleak antolatutako ekitaldia debekatu du

Frankismoaren azken exekuzioetatik igandean 40 urte beteko dira. Guda-kontseilu baten ondoren Juan Paredes Manot (Txiki) eta Angel Otaegi ETA kideak eta FRAP-eko José Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz fusilatu zituzten. Gertakari haiek gogoan ekitaldia antolatua zuen ezker abertzaleak, Herri izarrak ez direla itzaltzen... leloa zuena. Baina Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin du ekitaldia eta bertan behera utzi dute.

Ezker abertzaletik adierazi dutenez, “duela 40 urte bezala, estatu espainiarra estatu ez demokratikoa dela baieztatzen du enegarren aldiz”. Deitzaileek salatu dutenez, “memoria bera debekatu nahi digute”. Debekua salatzeaz aparte, “memoria ariketa kolektibo gisa lantzeko eta aldarrikatzeko antolatuko diren eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzera deitu nahi ditugu Sakanako herritarrak, eskubide osoz” Ezker abertzaleak, “modu batera edo bestera” memoria aldarrikatzen jarraituko duela ziurtatu du.

Asmoa
Irailaren 27 hartako “gertakariak gogoratu eta nondik gatozen jakinez, etorkizunerako bidea egiten jarraitzeko” asmoa zuen ezker abertzaleak igandean. Fusilamendu haien harira ezker abertzaleak salatu duenez, “herri honen bizipen eta historiaren kontakizun partzialak gain hartzea nahi dute gure memoria kolektiboa zapuztu nahian. Horretarako legedi berezia eta errepresioa erabiliz”. Aurreko astean Otxandion izandako atxiloketak jarri ditu adibide gisa.

Ezker abertzaletik zehaztu dutenez, “herri baten kontakizunak erpin eta ikuspuntu ezberdinen bildumak osatzen dute baina estatuak kontakizunaren alde bat bakarrik inposatu nahi du. Errealitatea, berriz, tenkorra da eta behin eta berriz azalarazten ditu estali nahi duten kontakizunaren atala, herri borondatea ezin baita lege aginduz zapuztu”.