Emakumeen Mundu Martxa 2015

Emakumeen eskubideen eta aldarrikapenen bandera morearendako haize sakandarra

Guaixe 2015ko ira. 29a, 18:49
Karabana feministak alde egin aurretik talde argazkia atera dute.

300 pertsonatik gora egin diote harrera IV. Emakumeen Mundu Martxari Altsasun goizean.

Emakumeen Mundu Martxak aste bat eginen du Euskal Herrian, astelehenetik igandera. Zazpi egun horietan 25 herrietan geldialdia eginen du martxak. Horietako bat Sakana, Altsasu, izan da. Antolaketa lanetan aritu diren Altsasuko Bilgune Feministako (BF) Saioak eta Josunek esan digutenez, “martxaren bisitaren balorazioa espero genuena baino positiboagoa da. Oso pozik eta hunkituta gaude”.

Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte leloa du martxak. Eta hari aipamena egin diote harrera ekitaldian BFko kideek: “feminismotik hitz egiten ez badugu, ezin dugu gizarte justuago batez hitz egin. Feminismoa egungo diskriminazio egoera ulertu eta alternatibak proposatzeko beharrezkoa da”.

Martxarekin zein helburu lortu nahi dituzten eta zeren alde borrokatzen ari diren azaldu dute feministek: emakumeek jasaten duten indarkeria motak salatzea; gure gorputza, sexualitate eta bizimoduen inguruan erabakitzeko eskubidea, emakumeen borrokak, estrategiak eta erresistentziak batu eta errealitate, alternatiba eta utopiak zabaldu, elkar zaintzea bideratuko duten bideak sortzea eta bizitza erdigunean jartzea, merkatuen logiketatik kanpo.

Bilgune Feministako Saioa Iraolak adierazi duenez, Kurdistandik abiatutako karabana feministak “bizipen, aldarrikapen eta erresistentzia istorio pila biltzen ditu. Euskal Herrian ere gure proiektu, estrategia eta aldarrikapen feministak bildu nahi ditu”. Karabanak zekarren liburuan idaztera gonbidatu du Iraolak, “memoria guk idatzi behar dugulako”.

Gaurkoa
Martxako karabana 11:00etan iritsi da Iortia kultur gune pareko plazara. Hantxe zain zituen institutuko eta ikastolako ikasle mordo bat, baita makina bat sakandar ere. Harreraren ondoren, Helena Santano Cid margolariak txalapartaren doinura action-painting-a egin du. Emakumeen Mundu Martxako karabanak bere geldialdi bakoitzean hazi bana jasotzen du, eta Altsasun herriari izena ematen dion haltza zuhaitzarenak eman dizkiote. Baratzeko bideko berdegunean bi labanda landare aldatuz, auzatearekin eta talde argazkia eginez despeditu da ekitaldia. Martxak Coimbrako bidean igandean utziko du Euskal Herria. Bilbon eginen den festa handi batekin izanen da.

Karabana abiatzear zela Guardia Zibilaren patrol bat agertu da, baimen eske. Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilguneko teknikari Idoia Goikoetxeak eta Goazen Altsasuko zinegotzi Virginia Alonsok udal baimena aurkeztekotan gelditu dira.


Elkarlanaren hazia
Martxaren etorrera behar bezala prestatzeko “lan eta ahalegin handia” egin dutela azaldu digute BFko bi kideek. Sakanan lan talde “potente” bat sortu da. Martxak ibarreko feministen arteko sareak ontzeko balio izan duela adierazi digute: “horrekin pozik gaude ere, zeren hemendik aurrera elkarrekin eginen dugu lan”. Feminismoari irudi positiboa emateko ere balio izan du martxaren lanketak: “Sakanan batzuetan ez dago ongi ikusita eta honekin erakusten dugu legitimoa dela”. Etorkizunean ibarreko feministak zein gai landu edo zein arlotan ariko diren ez dute zehaztu, baina elkarlana ziurtatu dute. Bestalde, martxaren mezua kontuan izanik, ekitaldiko auzatea egiteko elikagai burujabetza kontuan izan zuten.


Kurdistan
Altsasuarrek Kurdistango emakumeak izan dituzte harrera ekitaldian: “furgoneta hainbat kiderekin abiatu zen, baina han milaka emakume gelditu dira, iraultza feminista eta sozialista batean buru belarri sartuta, euren eskubideak aitortuak izateko eusten eta borrokatzen”. Haiei txaloekin elkartasuna eta babesa azaldu diete.