Ahal Dugu hauteskundeetara bakarrik aurkeztearen alde

Guaixe 2015ko urr. 8a, 15:52
Iñigo Muerzarekin batera hainbat herritar elkartu ziren.

Podemos-Ahal Duguko Senaturako hautagai Iñigo Muerza bertan zela, informazio bilera egin zuen alderdiak astelehenean. Abenduaren 20ko hauteskundeetara begira jarri ziren, Ahal Dugu eta batzeari buruz hizketatu ziren. Hainbat arlotako pertsonak elkartu ziren eta eztabaida aberatsa izan zutela azaldu dute alderditik.

Ahal Dugutik adierazi dutenez, “beste alderdien ideiak onartuta ere, balio asanblearioa eta parte hartzea defendatzen dugu, ez paktu interesatu ezta alderdien ildoak ere”. Pertsonak “ardatz eta erdigune hartuta, pertsona guztien ahotsa alderdi bakoitzaren barruan entzuna izatearen aldekoak gara, bizio hierarkiko bertikaletan erori gabe”. Astelehenean egindako bozketan Ahal Dugu hauteskundeetara bakarrik aurkeztea erabaki zuten, “aldaketarako tresna den Ahal Dugun parte hartu nahi duten pertsonak integratuz”.

Heldu den astearterako alderdiak bilera berria deitu du, hauteskunde programan gehitu daitezkeen ideien ekarpenak jaso nahi dituzte. 19:00etan izanen da, Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan.