Arteari bide

Guaixe 2015ko urr. 15a, 15:15

Gaur, 19:00etan, mustuko da IV. Altsasuko Arte Azoka. Azaroaren 8ra arte, astegunetan, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izanen da

ARTebide elkarteak sustaturik, gaur mustuko da IV. Arte Azoka Altsasun. Iortia kultur guneak 34 sortzaileren obrak hartuko ditu. Bisitariak pintura (olioa, akuarela, mistoa), eskultura, argazkia, zeramika, instalazioak, irudi digitala, collagea, bideoa eta beste opatuko ditu. Lanen aniztasunean begirada eta izpiritua betetzeko aukera izanen da, beraz. Aurreko edizioekin alderatuta, aurtengoan, zeramikak presentzia handiagoa du, lau sortzailek adierazpide hori hautatu baitute.

Altsasuko Arte Azokak bi helburu ditu. Alde batetik, Sakanako sortzaileak gaur egun egiten ari diren hori erakustea. Ibarreko gaur egungo artearen  panoramika ezin hobea eskaintzen du Arte Azokak. Eta, bestetik, azoka den heinean, erakusketa saltokia ere izanen da. Erakusgai 26 sakandarren eta 8 artista gonbidaturen lanak daude.

ARTebideko sortzaile askoren lanak irailean Tangerren ikusgai izan dira. Hori ere bada eta elkartearen helburua: Sakanako egileen lanak ibarretik kanpo erakustea. Marokoko esperientziarekin Sakanako sortzaileen erakusketa guztiz esportagarria dela erakutsi dute.

Egileak
Koldo Arnanz, Helena Santano, Carlos Rivera, Sagri Mauleon, Manolita Thunders, Chuffi, Ainhoa Sanchez, Maite de Miguel, Lali Burgoa, Kiki Asensio, Bidatz Razkin, Jule Kosta, Mikel Okiñena, Maider Perkaz, Argiñe Berastegi, Estibaliz Garcia, Itxaso Altzelai, Ana Goikoetxea, Joseba Salegi, Angel Antonio Agirre, Elena Vera, Adela Sanchez, Itziar Nazabal, Beatriz de la Vega, Jokin Kale eta Rosa Arnanz.  

Artista gonbidatuak
Linda Pagani, Agostino Branca, Javier Gonzalez, Silvia Bordini, Hartley Ferguson, Hector Urra, Adam Kozinski eta Luis Barro.

Azoka
Igandean, 10:00etatik 14:00etara artistak Iortia kultur gunearen eta udaletxe atzeko aldearen artean dagoen belardian egonen dira. Haiekin hitz egiteko aukera izateaz aparte haien obra erosteko aukera paregabea izanen da. Sakandarren artean artea erosteko asmoarekin segitzen du ARTebidek.


www.arteazoka.webnode.es
Altsasuko Arte Azokak Interneten duen aurkezpen txartela da.