Harriak jasotzen ikasi nahi duzu?

Mikel Lasarte, begiralea.

Eman izena Mank-eko Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentro Teknikoan

Harri-jasotzeak baditu bere sekretuak eta teknikak. Indarra baino, teknika kontua omen da. Horietan trebatu nahi baduzu, Sakanako Mankomunitateak sortutako Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentro Teknikoak eskaintzen dizu aukera. Eskola 16 urtetik aurrerako neska-mutiko eta gazteei zuzendua dago, Sakanan edo inguruan bizi eta harri jasotzean aritu edo hasi nahi dutenei.

Lanbidez Ilundain-Haritzberri baserri eskolako ingurugiro arloko zuzendaria den eta afizioz harri jasotzailea den Mikel Lasarte da Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentro Teknikoko begiralea. Nafarroako Herri Kirol Federazioko lehendakaria ere izana da Lasarte. Makina bat urte daramatza Lasartek eskolaren ardurarekin, 2004 urtetik, hain zuzen. Eskolak Irurtzungo Udalak kiroldegian utzitako gela batean ematen dira, asteartetan, 18:30etik 20:00etara, eta urrian hasi eta ekainera arte luzatuko dira. Ideia, batez ere, harri altxatzea gustuko dutenei bidea ematea da, euren zaletasuna garatzeko tokia, materiala eta ordutegi bat ematea. Jakina, jendea gogoz hasten bada eta txapelketetan parte hartu eta erakustaldiak eman nahi baditu... hori guztia bideratuko dute eskolatik.

“Harri jasotzean hasteko gehiena behar dena gogoa izatea da. Gero, gorputz pixka bat izan behar da. Pertsona bat 70 kilotik aurrera hasi daiteke harria jasotzen. Indar pixka bat behar da, baina batez ere teknika asko. Izan ere harri bakoitza ezberdina da, bakoitzak bere teknika dauka. Harri jasotzea jarraian praktikatu behar den kirola da” hori adierazi zigun Mikel Lasartek 2004an, Sakanako Mankomunitatearen ekimenez Sakanako Harri Jasotze Eskola sortu zenean.

Izena emateko
Izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com). Klaseak euskaraz dira, eta baten batek ez badaki, gaztelaniaz zuzenduko zaio.