La Burundesak klinika babestu du

Guaixe 2015ko urr. 22a, 11:54
Patxi Goikoetxea, Javier Otxoa, Iosune Lopez de Goikoetxea eta Javier Fonseca ostiralean elkartu ziren.

Josefina Arregui klinika psiko geriatrikoan gaixoak batetik bestera mugitzeko askotan gurpildun aulkiak behar dira. Erabileraren erabileraz materiala ere apurtu eta ordezkatu beharra izaten da. La Burundesako Javier Otxoak eta Javier Fonsecak klinikaren lagunen elkartearekin harremanetan ziren eta behar horren berri izan zutenean 10 gurpildun aulki oparitzea erabaki zuten. Aurreko ostiralean jaso zituzten aulkiak zentroko gizarte langile Iosune Lopez de Goikoetxeak eta klinikaren lagunen elkarteko buru Patxi Goikoetxeak.

Bestalde, asteburuan Altsasun izan diren bi kirol ekitalditan jasotako dirua Josefina Arregi klinikaren lagunen elkartearendako izan da. Onddo lasterketan parte hartzeko izen emateagatik ordaindutakoa izan zen bat. Bestea, erremonte jaialdian Koteto Ezkurraren saski baten zozketatik ateratakoa. Guztira 2.600 euro. Goikoetxeak esan digunez klinikako gimnasioa hornitzeko balioko du diru horrek. Horrela, fisioterapeutak gaixoekin lan egiteko beste baliabide batzuk izanen ditu.