Urdiainen korrika

Guaixe 2015ko urr. 23a, 12:45

Larunbatean jokatuko da 15. Sakanako Herri Lasterketa-La Burundesa Sari nagusia, Urdiainen. 17:00etan kategoria txikiko probak izango dira eta 18:00etan proba nagusia (6,9 km)

Urdiainek hartuko du Sakanako Mankomunitateak antolatutako 15. Sakanako Herri Lasaterketa-La Burundesa Sari nagusia. Probaren antolakuntzan Mank-ek Dantzaleku Sakana klubaren, Urdiaingo Udalaren, Aitziber elkartearen eta Urdiaingo Gazte Asanbladarekin laguntza izan du. La Burundesa da babesle nagusia, Urdiaingo denda, taberna eta landetxeekin batera. Asteartean aurkeztu zuten proba Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Aitziber elkarteko Iker Floresek, Urdiaingo Udaleko Iñaki Galarzak eta La Burundesako ordezkari Javier Fonsecak.

Izaera herrikoiko proba, bereziki sakandarrei zuzendua
Sakanako Herri Lasterketarekin, izaera herrikoieko lasterketa antolatu nahi du Mank-ek. Jakina, atletismoa bulkatu nahi da, bereziki krosa. “Atletismoak sustrai handiak ditu Sakanan. Hor dago, esaterako, Dantzaleku Sakana atletismo kluba, eta Sakanako herri askotan, Altsasun, Ergoienan, Iturmendi-Bakaikun, Etxarrin, Ziordian… probak antolatzen dira. Horrek Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria sortzea ekarri zuen. Bestalde, Behobia-Donostian sakandar ugarik parte hartzen du. 2014an 94 partaide izan ziren. Sakanako Herri Lasterketarekin kros bat antolatu nahi dugu, guztion partaidetzara zabalik dagoena, bereziki Sakanako jendeari” azaldu zuen Amaia Gerrikagoitiak. Proba urtero herri desberdinean antolatzen da “Sakanako herriak ezagutaraztea emateko”, antolatzaileen esanetan. Gerrikagoitiak gaineratu zuenez, “probarekin gure kultura bulkatu nahi dugu, bereziki euskara. Probako alor guztietan, kartelak, elementu grafikoak, megafonia, musika eta beste, euskara bermatuko da”.

Eguraldi iragarpenak ez du euririk iragartzen eta tenperatura epelak aurreikusten dira. Horrek partaidetzan eragina izango du. Gerrikagoitiak adierazi zuenez, kategoria txikietan 60 neska-mutiko espero dira eta proba nagusian 80 korrikalari.

Sariak eta zozketak
Lehenengo hiru sailkatuek eta lehenengo hiru sakandarrek, gizonezkoek eta emakumezkoek, produktu loteak jasoko dituzte. Horretaz gain, lehen kadeteek, lehen jubenilek eta lehen beteranoek saria jasoko dute, eta baita lehen urdiaindarrek ere. Horretaz gain, helduen lasterketa bukatzen duten guztien artean ondoko sariak zozketatuko dira: bi pertsonendako bazkari-afariak Kaluxa tabernan, Ezti-iturri landa apartamentuan egonaldia, masajeak (Peio Goikoetxea) eta herriko produktuak.
Proba bukatuta, 19:00etan, sari ematea izango da eta auzatea, plazan.

Urdiainen antolatutako zirkuituari 3 buelta (6,9 km)
17:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira, plaza irteera eta helmuga izanda Urdiaingo kaleetan burutuko direnak (aurrebenjaminak 200 m, benjaminak 400 m, kimuak 750 m eta haurrak 900 m). Kadeteak helduekin batera ariko dira, zirkuituari 2 buelta emanda (4.600 m).

Proba nagusia 18:00etan abiatuko da, Urdiaingo plazatik. Herrian barna 2,3 km-ko zirkuitua prestatu da eta 3 buelta eman beharko zaizkio. “Gurea herri txikia da eta probako kilometroak herritik atera gabe lortzea, oso zaila. Baina guk argi genuen garrantzitsuena lasterketa gehiena Urdiaingo kaleetan barna egitea zela, korrikalariek ikus dezan zein herri polita dugun. Gainera, ikusleak gertu sentitzeak berotasuna ematen die korrikalariei” nabarmendu zuen Aitziber elkarteko Iker Flores txirrindulari ohi eta korrikalariak. Floresek azaldu zuenez, plazatik hilerriko bidea hartuko dute korrikalariek, errepidera iritsiko dira, Magotteaux parean mendiko bide bat hartu eta herrira igoko dira, plazara heltzeko. Hiru itzuli eman beharko dira.

Urdiaingo udaletxeko Iñaki Galarzak nabarmendu zuenez, “Urdiaingo udalerako ohorea da lasterketa hau gure herrian egitea. Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko laguntzaile guztiei, proba antolatzea posible egin dutelako”. Halaber, berriki zendutako Benigno Mendia izan zuen gogoan. “Sakanan asko egin duen pertsona bat aipatu nahiko genuke. Proba hau hemen antolatzea berari omenaldi polita egitea dela iruditzen zaigu”. Mendiaren alde minutu bateko isilunea gordeko da lasterketa abiatu baino lehen.

Javier Fonsecak La Burundesak halako ekimenak babesten jarraituko duela azpimarratu nahi izan zuen. “Urteak daramatzagu Sakanako Herri Lasterketarekin kolaboratzen, eta halako ekimenetan gure laguntza ematen jarraitu nahi dugu, bertako herrietan eta bertako herritarrekin. Sakanako partaide sentitzen gara eta beste urte batez hemen gaude” nabarmendu zuen Fonsecak. Izan ere, La Burundesako sortzaileak urdiaindarrak dira eta hori gogora ekarri zuen.

Izena ematea, aurretik eta egunean bertan
Aurretik, urriaren 23ko 21:00ak arte eman daiteke izena, www.kirolprobak.com web orrian (txip horia dutenek 10 euro eta alokairuzko txip zuria dutenek 11 euro). Probaren egunean bertan izena eman daiteke, udaletxean, 15:30etik 17:30era (txip horia dutenek 12 euro eta alokairuzko txip txuria dutenek 13 euro). Gazteek eta kadeteek ez dute ordaindu beharko. Kategoria txikikoen kasuan, aurrebenjaminek, benjaminek, kimuek eta haur mailakoek egunean bertan eman beharko dute izena, dohainik. Dortsalak 15:30etik aurrera jaso daitezke.

Sakanako Koparako baliagarria
Sakanako 15. Herri Lasterketa Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sari Nagusirako baliagarria da. Dagoeneko Kopako hiru proba jokatu dira eta horrela dago sailkapena. Emakumezkoetan Izaskun Beunza da lehena, Haizea Ramirez de Alda bigarrena eta Ginesa Lopez eta Maite Zabaleta hirugarrenak, puntutara berdinduta. Gizonezkoetan Sergio Garcia de Eulate doa buruan, Ivan Gonzalez da bigarrena eta Adur Senar hirugarrena. Sakanako Atletismo Kopa erabakitzeko gelditzen diren probak larunbateko Sakanako 15. Herri Lasterketa eta abenduaren 8an Altsasun jokatuko den Barricarteren 35. Oroimenezko Oinezko Lasterketa dira.