Askapenaren kontrako auzia bukatzear

Guaixe 2015ko urr. 29a, 18:22

Astelehenean izanen da azken saioa. Fiskaltzak eta akusazioek espetxe zigor eskaerei eta erakundearen legez kanporatzeari eusten diete. 

Askapenako bost kideren kontrako epaiketak bigarren astea bete du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Astelehenean bukatuko da Aritz Ganboa De Migel eta bere kideen kontrako epaiketa. Pedro Martinez Torrijos fiskalak Askapena “ETAren mendeko egitura” dela uste du eta 6 urteko espetxe zigor eskaerari eta erakunde internazionalista legez kanpo uzteko eskaerari eusten dio. Baina Askapeña, Elkar Truke S.L., Herriak Aske S.L. eta Herriak Aske Kultur Elkartea legez kanpo uzteko eskaera baztertu du. AVT eta Dignidad y Justizia herri akusazioek, bestalde, 10 eta 7 urteko espetxe zigorreko eskaerei eusten diote. Defentsak, berriz, guztien absoluzioa eskatu du.

Defentsak deitutako lekukoen artean Jesus Mari Mendinueta Arbizuko alkate izandakoa izan zen auzitegian deklaratzen. Arbizu eta Palestinako Marda herrien arteko senidetzeari buruzko argibideak eman zituen Mendinuetak.

Aritz Ganboa De Migel, 
Askapenako kide auzipetuari elkarrizketa

Zer moduz Madrilen?

Madrilen errepresioaren ondorioz gaude, ez gure nahiaz eta ez du ongi egotea ekartzen.

Epaiketara internazionalismoaren eta zuen militantziaren defentsa egitera joanen zinetela aurreratu zenuten. Nola egin duzue?

Epaiketan internazionalismoaren eta gure militantziaren defentsa egin dugu hori zelako estatuak auzitegiaren bidez kriminalizatu nahi zuena. Epaiketara sartu bezain pronto eta lehen egunetik egin duguna, irudikatu dena. Gu akusatzen zitzaigun horretaz harro gaudela esan dugu epaitegian. Akusazioek guri eta gure lekukoei gure ekimen politikoei buruzko galderak egin dizkiete.

Uste dut haiek ere sorpresa pixka batekin hartu dute gu gure militantzia onartu dugula. Ez onartu bakarrik, baizik eta harrotasunez aldarrikatu. Momenturen batzuetan bai egon dela egoera tentsuren bat beraiei ez zitzaielako asko gustatzen hartzen ari zen pisua.

Behin eta berriz, beraien akusazioak, interpretazioak eta galderak maila politikoak kokatzen zituzten eta, beraz, erantzunak, behin eta berriz, maila politikoan ematen ziren. Epaiketa politiko batean egon gara hain zuzen ere.

Eta horrek zer esan nahi du?

Niri erantzutea tokatu zaidan akusazioetako bat izan da ia brigadak antolatzen genituen. Jakina antolatzen genituela. Eta zer egiten zen? Bai. Eta orduan brigaden bidez Askapenak aldarrikatu duen lan politikoa adierazi dugu. Eta, gainera, harrotasunez. Brigadekin gertatu den gauza bera jardunaldi internazionalistekin. Berdin gertatu zaigu Euskal Herriarekiko elkartasunean lan egiteagatik. Berdin gertatu zaigu Israeli edo Coca Colari boikot kanpaina egiteagatik. Horiek zirelako galderak eta horiek zirelako interpelazioak; bai guri, baita lekuko guztiei ere, polizia eta peritu lekukoak barne.

Beraz, azken egun hauetan entzun dena da: zein den Askapenaren ekimena; zein den Askapenaren planteamendu politikoa eta zein izan den Askapenaren lana planteamendu politiko horiekin aurrera egiteko.

Gaur, gainera, akusazio batek, AVTk, esan digu epaiketa hau klabe politikoan ematen ari bada dela nolabait onartu behar delako terrorismoaren aitzakipean herritarron askatasunak gero eta murritzagoak izan behar direla. Eta, beraz, askatasun politikoak eta askatasun demokratikoak terrorismoaren aitzakipean murriztuak izan daiteke. Beti ere, ulertuta, eta haien ikuspegitik gainera, planteamendu politiko batzuk ez direla zilegiak eta hori dela epaitzen ari dena.

Planteamendu horrek eragin du epaiketa hau. Kasu honetan euskal internazionalismoa kriminalizatzeko bidea hartu dute. Baina beste prozesuetan planteamendu bera egiten dute.

Akusazioen zigor eskaeretan aldaketarik egon da?

Aldaketa sinpleak egin dituzte hirurek. Militantziaren kriminalizazioa dago eta militante batzuk kartzelara eraman nahi gaituzte. Eskaera hori bere horretan mantendu dute. Herritar gisa antolakuntzarako ditugun eskubideak ere kriminalizatu nahi dituzte eta Askapena legez kanpo uzteko eskaerarekin bere horretan segitzen dute.

Hauek guztiak planteatzerakoan eta egiterakoan badakitenez etxean jokatzen dutela eta epailea haien etxekoa dela, askotan txapuza ikaragarriak egiten dituzte eta formak ere galtzen dituzte. Kasu honetan, Askapeña, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteen kontrako akusazioak ezin izan dituzte mantendu haiek bete behar zituzten gutxienekoak ere bete ez dituztelako. Elkarteen ordezkari legalak ez zeuden deituak.

Legez kanpo uzteko eskaera horiek baztertu dituzte. Baina Askapenarena mantendu dute eta gu espetxeratzeko eskaerak ere.

Zigor eskaerak murriztu dituzte, keinuren bat egin nahian?

Ez. Hemen ez dago keinurik. Eta halako prozeduren ondoren norbaitek uste badu espainiar estatuaren aldetik keinuren bat ikusiko dugula, oker dabil. Ez dago keinurik. Beste gauza bat da gu euskal herritar bezala, herri bezala egiten ditugun mugimenduek nola behartu ditzaketen halako injustiziak eta muntaiak erortzen. 

Zentzu horretan zeregina dagoela uste dugu. Zentzu horretan planteatu ditugu herri epaiketak. Zentzu horretan etorri gara epaiketaraino herri gisa egin den planteamendu argi batekin. Eta, gainera, garbi daukagu epaiketaren ondoren bide horretan jarraitu egin behar dela. Ez da mugimendurik egon, ez fiskaltzaren aldetik ezta akusazioen aldetik ere. 

Larunbatean Madrilen zuei babesa azaltzeko manifestazioa deituta dago, ezta?

Hori da, 18:00etan. Orain arte ibilbide bat egin da eta elkartasun asko jaso dugu. Interpelazio garaia iritsi zenean Euskal Herrian 40 herri epaiketa egin ziren. Hispanitatearen eta Inperioaren egunean 4.000 pertsonak baino gehiagok herri gisa erantzun zioten Espainiren jarrera inperialistari erantzun zioten. Eta horrekin etorri ginen epaiketara. Epaiketa astelehenean bukatzen da. Baina guk planteatzen dugu epaiketaren ondoren jarraitu egin behar dela. 

Madrilgo Libre eta Euskal Herriaren Lagunek manifestazioa deitu dute Euskal Herriaren kontrako epaiketa politikoen kontra. Bai guk, bai Eleak eta Libre dinamikek deialdiari heldu diogu. Baita eskubide zibil eta politikoen kontrako auzietan jazarpen hau pairatzen duten beste auzipetuak ere. Sakanan, esaterako, Joxe Aldasoro edo Patxi Arratibel. Egoera berdinean daude. Madrilgo manifestaziora joateko Sakanatik autobusa aterako da.

Astelehenean azken saioa. 

Epaiketa bukatuta, eskubide zibil eta politikoen aldarrikapenetara iritsita, hortik aurrera besterik egin behar bada, bada onartzea gure injustizia hauen aurrean ezin dugula men egin eta injustizia hauek salatzearekin batera, desobedientziaren jarrera ere gure egin beharko dugula. Ez gu auzipetu gisa, baizik herri gisa. Guk argi eta garbi utzi nahi dugu lanerako bide asko dagoela eta euskal herritar gisa Euskal Herritik ez datozen horrelako mandatuak ez ditugula aintzat hartuko. Beraz, laranja den bideari ekin beharko diogu. Aurrera egin beharko dugu. Ez gu bakarrik. Uste dugu herri gisa erantzun behar dela.

Normalena absoluzioa beharko luke?

Ez da normala edo ez izatearen kontua. Normaltasunak askotan ez dauka zerikusirik izan beharko lukeenarekin. Oso ohikoa eta oso normala da horrelako injustiziak ematea gure herriaren kontra. Baina ezin ditugu ontzat eman. Guk exijitzen dugun gauza bakarra da, guk ontzat hartuko duguna absoluzioa da. Absoluzioa ez den beste edozein epairik ez dugu onartuko.

Internazionalismoak jarraituko duelako?

Jarraituko du. Hori argi eta garbi dago. Eta jarraitzen du. Kolpea eman zionetik Askapenak eta euskal jendarteak erakutsi dute euskal internazionalismoak aurrera egin duela, nahiz eta halako kolpe politiko eta juridiko bat jasan. Jokoan dagoena ez da jarraituko dugun edo ez, jarraituko dugula argi eta garbi baitago. Herri honek behar dituen gutxieneko askatasun eta oinarrizko askatasun demokratikoak errespetatu ezean ez dagoela aurrera egiterik. Beraz, askatasun demokratiko horiek eraiki behar ditugu. Gure herriaren gehiengoak nahi dituen bideak dira bete behar direnak. Beraz, ikuspegi demokratiko batetik herriaren mandatuari erantzun behar diogu. Ez espainiar estatuaren mandatuari.