Etxepare sariko album ilustratua kalean

Guaixe 2015ko aza. 1a, 12:24
Albumaren aurkezpenean bi egileak izan ziren, erdian.

Haurrendako euskarazko album ilustratuak argitaratzen ditu Etxepare sariak. Nafarroako hainbat toki administraziotako euskara zerbitzuek antolatzen dute sariketa eta haien artean dago Sakanako Mankomunitatea. Bederatzigarren edizioan Pello Añorga idazlearen eta Jokin Mitxelena ilustratzailearen Munstroek ere pixa egiten dute ohean (2015, Pamiela) liburu ilustratuak irabazi du Etxepare saria. Sariketa irabazten duten bigarren aldia da; lehena 2006an izan zen, Gerlari handia lanarekin.

Liburuko protagonista Valentina neska ausarta da eta liburuan ageri diren zazpi munstroei laguntza eskainiko die. Sortzaileek munstroen lurraldea leku dibertigarri gisa aurkeztu dute. Munstroak eta haurrak ohe berean lo egiten dute, haiek umea bezain beldurtiak baitira. Maurice Sendaken Where the Wild Things Are (euskaraz: Piztiak bizi diren lekuan; 2000, Kalandraka) eleberri klasikoari keinu bat egin dio obrak. Epaimahaiak hasieran “lerroz lerro puzten doan beldurra” akaberan “barre algara eta lasaitasun” bihurtzen dela nabarmendu zuen. Era berean, hitzei “musika” dariela esan zuen.

Egilez
Pello Añorga oiartzundarra, ipuinak kontatzen aritzen da buru belarri. Idazle modura, haur literatura landu du, ipuina, batik bat, poesia eta albumak  ahaztu gabe. Eskoriatzako Irakasle Eskolan Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan da, eta, haur literaturaren animaziogintzan hainbat proiektutan hartu du parte: liburu aretoak diseinatzen, irakurketa -gidak plazaratzen,  ipuin kontaketari buruzko ikastaroak eskaintzen e. a.  

Jokin Mitxelena, berriz, Alemanian bizi den ilustratzaile eta idazle gipuzkoarra da, Donostian jaioa. Euskal Herriko argitaletxe gehienekin lan egiteaz gain, Espainiako, Alemaniako eta Austriako argitaletxeekin ere kolaboratzen du maiz, haur eta gazte literaturako eta testu-liburuen ilustratzaile moduan ez ezik, haur literaturako autore moduan ere bai.

Sariaren ibilbidea
Nafarroako 18 toki-entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko albumen sorrera bultzatzen duten beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Urtea    Lana                           Egileak
2006    Gerlari handia                Pello Añorga eta Jokin Mitxelena
2007    Zirkua amets                 Joxan Ormazabal eta Iraia Okina
2008    Katalina kontalari           Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalón
2009    Alex, nire laguna            Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga
2010    Euria ari duenean           Leire Salaberria
2011    Hara!                            Miren Asiain
2013    Gerrak ez du izenik         Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
2014    Hiltzaileak                      Leire Salaberria
2015    Munstroek ere pixa egiten dute ohean   Pello Añorga eta Jokin Mitxelena


Hurrengo deialdia
Etxepare sariaren 2016ko oinarriak ilbeltzean jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Baina deialdiaren hainbat zehaztasun aurreratu dituzte. Sortzaileek haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahalko dituzte. Proposamenak albumaren ezaugarriak izanen ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du.

Bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean aurkeztu daiteke lehiaketara. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21 cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Originalak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 20an itxiko da. 5.000 euroko saria izanen da, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz.