Album ilustratua sortzeko tailerrerako izen ematea zabalik

Guaixe 2015ko aza. 19a, 08:36

Abenduaren 18an izanen da, 17:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Izen ematea 11ra arte dago zabalik, 948 564 272 telefonora hots eginez edo iortia@altsasu.net helbidera idatziz eman daiteke izena.

Ilustrazioekin, hau da, marrazkiekin, osatutako album bat nola egiten den ikasteko tailerra da eskaintzen dena. 6 eta 10 urte arteko neska-mutikoei zuzenduta dago. Hitza eta irudia elkartuz tailerrean album bat euren aurrean sortzen ikusiko dute. Gainera, behin bukatuta, parte-hartzaileek lanaren zati bat etxera eramanen dute.

Tailerra Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak emanen dute. Arrieta idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzearekin batera, zenbait liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean.  Aurten haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi du. www.nitikgura.com gunean jarrai daiteke bere ibilbidea. Alonso, berriz, Arte Ederrak ikasi zituen eta urtetan Artelekun eta Galtzagorrin aritu da bera lanak egiten, besteak beste, irakurketa aretoentzako eszenografiak sortzen. Egun ilustraziora dedikatzen da eta bere lan batzuk bere blogan aurki daitezke.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Altsasuko Udalaren laguntzaz antolatu dute tailerra. Etxepare sariaren egitasmoaren barruan kokatzen da jarduera eta haurrak ilustratutako albumetara gerturatzea du helburu.