Ikaspilota eguna bihar Etxarri Aranatzen

Guaixe 2015ko aza. 20a, 10:06

Nafarroako ikastolen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu da, 10:00etatik aurrera, Etxarriko frontoian. LHko 3. Eta 4. mailako neska-mutilei zuzenduta dago, eta modu ludikoan, pilota joko ezberdinetan aritzeko aukera eskainiko zaie.

Iruñeko Uxue ikastola izan zen Nafarroako lehen ikastola. Duela 50 urte sortu zen. Hortik aurrera hainbat ikastola sortzen hasi ziren, tartean, Sakanako Andra Mari (1969an) eta Iñigo Aritza (1971n). Egun Nafarroan 15 ikastetxek osatzen dute ikastolen sarea, 6.400 ikasle, 4.200 familia eta 600 profesional baino gehiago biltzen dituztela. Bada, Nafarroako ikastolek 50 urte bete dituztela ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Horietako batzuk kirolei lotuta daude.

Igeriketan
Igandean, Euskal Herri Mailako Igeriketa Txapelketa antolatu zuten Iruñeko Genbelzun igerilekuan. Euskal Herriko ikastola guztiei zuzendutako ekimena izan zen eta 100 ikasletik gora hartu zuten parte, tartean ikasle sakandarrek. Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxiler kategorietan banatuta aritu ziren izena eman zuten ikasleek, 50m tximeleta, 50m bizkar, 50m bular, 50m estilo librea eta 100-200m estiloetan. Horretaz gain, errelebo txapelketa jokatu zen eta bertan guraso, irakasle, langile eta ikasle ohiek parte hartu zuten. Guztiek diploma jaso zuten eta surf taula zozketatu zen parte-hartzaile guztien artean.

Ikaspilota eguna
Nafarroako Ikastolen Federazioak Etxarri Aranatz, Lesaka eta Tafallako frontoietan Ikaspilota Eguna antolatu du bihar, larunbatean, 10:00etatik 13:30era. Pilota topaketak izango dira, ikastolen ikaspilota modeloa eredu duten topaketak, hau da, guztiz parte-hartzaileak. Etxarri Aranazko Ikaspilota Egunean LHko 3. eta 4. mailako neska-mutilek hartu ahalko dute parte. Tafallan, aldiz, LHko 5. eta 6. mailako neska-mutikoek eta Lesakan LHko 6. mailako neska-mutikoek.

Diploma, kamiseta eta beste
Bihar, Etxarri Aranatzen, Ikaspilota egunera gerturatzen diren neska-mutikoek esku pilotak (pilota goxoak), paletak, zesta poteak eta beste izanen dituzte eskura. Etxarriko frontoian txoko ezberdinak prestatuko dira, pilota joko ezberdin batekin, eta goizean barna ikasle bakoitza, taldeetan banatuta, txoko batetik bestera pasako da guztietatik pasatuz. Ikastoletatik nabarmendu nahi izan dute eduki ludikoa eta sistema parte-hartzailea izango dutela joko guztiek. Bukaeran, diploma, kamiseta eta beste hainbat sorpresa banatuko dira. Pilotari profesionalen presentzia ere izanen da.