Gorenak Gamesako kaleratzeak baliogabe eta legez kanpokotzat jo ditu

Guaixe 2015ko aza. 19a, 16:49
Gamesako langileek eta ELAko ordezkariek epaiaren berri eman dute.

150 langileek 2010ean zuten baldintza beretan hartu beharko dituztela diote epaileek.

Madrilgo Auzitegi Gorenak 2013an emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Salak eta arrazoia eman die Altsasuko Gamesako langileei. Lan Ministerioak onartutako Enplegu Erregulazio Espedienteak (EEE) enpresari Altsasuko lantegia ixtea eta 150 lanpostu suntsitzea baimendu zion. Epaileek orain diote kaleratuak izan ziren 150 langileen 2010eko egoera eta lan bizitza berregin behar dela. Epaia finkoa bihurtzean Gamesak 20 egun izanen ditu langileak berriro hartzeko. Zuten egoera berean onartu beharko ditu.

Altsasuko lantegia itxita dago eta zaila izanen da berriro zabaltzea. Gamesak langileak bestelako baldintzetan ezin dituzte onartu. Salbuespena da langileek propio mugikortasun geografikoa onartzen badute. Beraz, Langileen Estatutua jarraituz , kontratuak haustea eta 45 eguneko kalte ordainak jasotzea litzateke hurrengo urratsa. Langileak aurrerantzean eman beharreko urratsak zehazteko gaur lehen batzarra eginen dute.

Epaiak dioenez, “Gamesaren EEE negoziazioa engainagarria eta eraginik gabekoa izan zen, izan ere, Altsasuko enpresa batzordearekin negoziatu behar zen eta ez Madrilen”. Altsasuko eta beste lantegietako erregulazio txostenak aldi berean negoziatu zituzten, baina epaileek diote EEE ezberdinak zirela eta, beraz, Altsasuko enpresa batzordea zela Sakanako lantegirako negoziatzaile legitimo bakarra. Gamesak Altsasuko enpresa batzordea ezin zuela gutxietsi ebatzi dute epaileek.

Legitimatuta
Gamesako langileek hasieratik EEEren negoziazioa Altsasun egin behar zela defendatu zuten. Orain arrazoia eman diete. Altsasun ordezkaritzarik izan ez eta Madrilen Sakanako lantegiaren etorkizuna negoziatu zituzten UGT eta CCOO sindikatuak kritikatu dituzte. Nafarroako Gobernuak gaia Lan Ministerioaren esku utziz “ahaztu”  zuela gogorarazi dute langileek.

ELAren Sakanako arduradun Gorka Viergek gogoratu duenez, “Sakanan 150 lanpostu galdu genituen. Hori 2010ean ibarrean sekulako tragedia izan zen. Orain nolabaiteko konpentsazio bat sortzen da”. Eta gaineratu du langileek lantegia ez ixteko euren esku zegoen guztia egin zutela. “Berandu bada ere, poza sortu digu epaiak. Langileek ikusi dute haiek egindako lana fruitua eman duela”. Epaia “historikotzat” jo dute. Viergek azaldu duenez, bost urte hauetan Gamesako langile batzuk “beste lantegietan ari dira lanean, batzuk oso gaizki pasatu dute, lan baldintza prekarioekin lan egin dute…”  Antolatzearen, borrokaren eta batasunaren balioak langileei gelditzen zaizkien tresna bakarrak direla adierazi du Viergek. Gamesako langileak horretan eredu direla azaldu du.