Nafarroako Gobernuak eguberri-erosketak denda txikietan egitera animatu du

Guaixe 2015ko aza. 23a, 12:38

Nafarroako Gobernuak Denda txikiak, pertsona handiak izeneko publizitate-kanpaina abiaraziko du hurbileko denden balioak azpimarratzeko. Haren bidez foru administrazioak saltoki txikietan eguberrietako erosketak suspertu nahi ditu. Kanpainaren aurkezpenean Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik esan zuenez, sektoreak “auzoak eta herriak antolatzen ditu, kalitatezko enplegua sortzen eta zerbitzu bereizgarri bat eskaintzen, hurbiltasuna”. Ezkutarik nafar guztiei eskatu die beren auzoko edo herriko saltoki eta dendak gogoan izan ditzatela datozen egunotan egingo dituzten erosketetan.

Kanpainako iragarkietan Iruñea, Tafalla eta Altsasuko dendariak agertzen dira. Altsasutik: Asensio Moda, La Cigüeña, Arkatz liburu-denda, Iulene mertzeria, Sakana optika, J.A. Galarza harategia, Pinpilinpausa oinetako-denda, Izara errezelak, Ttipi Ttapa, Maria Luisa jantzigintza eta Sebastián harategia ageri dira.