Murillo-Parot eta Aristorena-Ruiz txapeldunak

Guaixe 2015ko aza. 24a, 13:20

Nafarroako Paleta Goma Txapelketan sakandarrak protagonista

Emakumezkoen Nafarroako Paleta Goma Txapelketako finaletan maila bikaina erakutsi dute palista sakandarrek. 22 urtez azpiko finala Gure Pilotako bi bikok jokatu zuten, Eizagirre-Lasak eta Murillo-Parotek. 42 minutu iraun zituen partida bikainean, Murillok eta Parotek irabazi zuten, 22 eta 30. Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoak, baina berehala Murillok eta Parotek bere jokoa ezarri zuten eta alde zabala hartu zuten, lortutako abantaila hori partida bukaerara arte mantenduz.

Bestalde, senior mailako finalean, Oberenako Yanira Aristorena etxarriarrak eta Maite Ruiz de Larramendik txapela janztea lortu zuten, San Migel klubeko Munetari eta Larrioni 22 eta 30 irabazi eta gero. 50 minutu iraun zuen partidan hasieran paretsu aritu ziren bi bikoak. Muneta ez zen eroso ibili, eta nahiz eta atzean Larrion ongi aritu, ez zuen lortu Ruiz de Larramendiri gailentzea. Horrela, Aristorenak aukera bikaina izan zuen bere jokoa egin, eta dejada eta bi pareta ikusgarriei esker aldea ateratzeko (15 eta 29). Muneta egoerari buelta ematen saiatu zen, eta nahiz eta 22ra iristea lortu, azkenean Aristorena eta Ruiz de Larramendi 22 eta 30 gailendu ziren.