Zorri Azokan Sakanako eskaintza

Guaixe 2015ko abe. 4a, 09:32

Abenduaren 6an, igandean, 11:30etik 14:30era Etxarri Aranazko estalopean. Antolatzaileek iragarri dute egitasmoaz hausnartzeko ondoren eten bat eginen dutela.

Zorri Azokak elkartzen dituen Sakanako ekoizleak, artisauak eta artistak euren salgaiak jendaurrean abenduko aurreneko igande eguerdian jarriko dituzte. Etxarri Aranatzen izanen da. Handik pasatzen denak lehen sektoreko produktuak eta artisau eta artisten lanak eskuratzeko aukera izanen da. Ohi denez, Sakanan bertan ekoizten ez diren produktuen ekoizle bat gonbidatuko da. Gainera, hala nahi duenak, trukerako tokia izanen du. Behar ez duen hori beste zerbaitegatik trukatzeko aukera izanen du han. Arte adierazpideei beti egin zaie tokia azokan eta oraingoan ere ez du hutsik eginen.

Zorri Azokan parte hartu nahi dutenek merkatu sozialaren antolakuntzan lagundu beharra dute. Hori da hasieratik jarritako araua. Azoka ibarreko ekoizleen, artisten eta artisauen erakusleiho izateko sortu zen. Bertako helburuak sustatuz Sakanako ekonomian eragin nahi zuten. Horrekin batera, salerosketara mugatzen den azoka bat baino zerbait gehiago izan nahi zuen, sakandarren topagunea izanen da. Horregatik azoka sozialarena, irekia eta parte-hartzailea nahi zutelako. Hasierako helburuei garrantzia eman eta haiek nola txertatu aztertzeko abendukoaren ondoren gelditu eta hausnartzera elkartuko dira sustatzaileak.

2013ko agorrilaren aurreneko ostiralean, Etxarriko festen bezperan egin zen estreinako Zorri Azoka. Urte bateko eskarmentuak data igandera aldatzera erabaki zuten eta joan den urteko irailetik hileko lehen igandean egin izan da. Etxarriko udaletxeko estalopea eta plaza hartu dute azoka, eta frontoia bakarren batean ere. Etxarriz aparte Sakanako beste herri batzuk ere ezagutu dute azoka soziala.