Andra Mari ikastolaren historian mugarri berria

Guaixe 2015ko abe. 11a, 16:34

Andra Mari ikastola berria errealitate bihurtuta. Halaxe ikusi zuten makina bat sakandarrek azaroaren 28an egindako irekiera ekitaldian. Ikastetxe berriko frontoian aterpe hartuta egin zen ekitaldia. Oholtzatik hitz egin zuten hizlariek eta hantxe kantatu zuten eta dantzatu zuten ikastolako ikasleek. Andra Mari ikastola posible egin duen komunitate osoari eskainitako aurreskuaren ondoren, zinta moztu eta eraikina goitik behera ezagutzeko aukera izan zuten ekitaldira joandako guztiek.

Gela argitsuak, gimnasioa, jantokia, puntako berotze sistema eta beste ikusgai izan ziren. 4.000 metro karratu lau solairutan banatuta. Eraikinak 2 eta 12 urte bitarteko 310 ikasle hartzen ditu. DBHkoekin batera Andra Mari ikastolan 426 ikasle ari dira. 14 herrietakoak dira, Hiriberritik Iturmendira. Etorkizunean DBHko, Batxilergo edo Lanbide Heziketako ikasketak hartzeko eraikinak jasotzea buruan dute Andra Marikoek.

Hizlariak
Andra Mari ikastolako presidente Uxue Lazkanok nabarmendu zuenez, “denon artean egin dugu posible gaur mustu dugun eraikina. Atzoko eta gaurko guraso, langile eta laguntzaile guztiek herriarendako egina, herritik herrira”. Lazkanok adierazi zuenez, “euskararekin batera, konpetentziak oinarri dituen hezkuntza eredu propio eta aurrerakoia da” ikastolena; “auzolanean eta elkartasunean, hezkuntzan zein egunerokotasunaren gestioan oinarritua”. Auzolanak eta elkartasunak ikastolak iraunarazi duten baloreak direla azpimarratu zuen Lazkanok; langileen profesionaltasuna eta inplikazioa ahaztu gabe. Denen ekarpenekin “pedagogia erronka berriei erantzuna emanen dien eraikina altxatu dugu”. Hezkuntza premia berezia duten ikasleak trantsizio gelan behar duten arreta berezia jasotzen dute. Lazkanok jakinarazi zuenez, Obenasa enpresak irakaskuntza interaktiborako aukera ematen duen arbelaz hornitu du ikasgela hori.  

Ikastola hartzen duten udalen ordezkari gisa Eneka Maiz Ulaiarrek, Etxarri Aranazko alkateak, hartu zuen hitza. Ikastolako guraso sortzaileen alaba eta ikasle ohia, ikastolan irakasle izandakoa da eta, gaur egun, ikastolako guraso bada Maiz. “Proiektua sortu zenetik gaur egun arte, proiektu hau barren barrenetik ezagutzeko zortea izan dut”. Haurtzaroan ikastola hartu zuten lokal “desegokietan, gure herria, gure kultura eta gure hizkuntza maitatzen ikasi genuen”. Gurasoek egindako auzolan amaigabeak gogora ekarri zituen. “Bitartean, gu proiektu berritzaile, iraultzaile eta erraldoi bateko protagonistak ginen: euskarari, gure hizkuntzari, zegokion tokia ematea”. Ikastolena “lan kooperatiboan, auzolanean eta autogestioan” oinarritutako proiektua dela azaldu zuen. Ikastola berria “eduki eta mami berriz betetzen segitu” behar dela gaztigatu zuen eta udalak lagun izanen dituztela gaineratu zuen.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko buru Josu Reparazek Andra Mari ikastolako irudia diren bost hostoetan oinarrituta “Andra Mari ikastolaren egitekoak eta lan moduak” zerrendatu zituen: aniztasuna, identitatea, historia, elkartasuna, sormena, jasangarritasuna eta eraldatzailea. Mustutze ekitaldia “etorkizuneko erronken hasiera” zela azaldu zuen Reparazek.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko buru Koldo Tellituk ikastolek hainbat arlotan aurre egin dituzten erronkak nabarmendu zituen. “Ikastolok dugun benetako gastuari aurre egiteko finantziazio publikoa oso laburra” dela salatu zuen. “Konpromiso, auzolan eta elkartasuna” ikastolek aurrera egiteko tresnak direla azaldu zuen. “Publikotasun kontzeptu berritzaile bat aldarrikatzen dugu: hezkuntza zerbitzu publiko kontzeptua. Hau da, zerbitzuari lotutako publikotasuna”. Bi zutabeetan oinarritzen da kontzeptua: “izaera publikoa izaera estataletik bereziko duena, herritik sortua eta herriarendako”. Egungo sistemaren erroa gainditzeko eskaera egin zuen, “gure herriak eskatzen duen hezkuntza sistema propioari erantzuten ez diolako”.

Estebe Petrizanek Andra Mari ikastolako komunitateak mustutzearekin sentitzen zuen poza Nafarroako gobernuak eta berak partekatzen zutela adierazi zuen. Gobernuko ordezkariak Nafarroako ikastolen 50 urtemuga eta Andra Mari ikastolaren eraikinaren mustutzea lotu zituen adierazteko “ikastolen bizitasunaren adierazle” zirela.

Historia
1969an sortu zen Andra Mari ikastola Etxarri Aranatzen. Gerora, Arbizuko, Lakuntzako, Uharte Arakilgo eta Bakaikuko ikastola etorri ziren. Guztiak gaur egungo Andra Mari ikastolan batu ziren. 1989ko Nafarroa Oinezeko etekinekin eskoletako irakasleen etxeak zirenak ikastetxe gisa egokitu zituzten. 1996ko ikastolen festako irabaziekin eraikina DBHrako egokitu zuten. 2009an Nafarroa Oinez antolatu zuten eta lortutako dirua eraikin berrirako bideratuko zen. 2013an ikastola berriaren lehen harria jarri zen.