Amiantorekin eta gaitz profesionalekin kezkatuta

Guaixe 2015ko abe. 11a, 11:20

Gaur, 18:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean bigarren hitzaldia emanen du Jesus Uzkudun Illarramendik, gaixotasun profesionaletan aditua.

Duela bi aste 45 bat pertsona elkartu ziren Altsasuko Gure Etxea eraikinean Jesus Uzkudun Illarramendi gaixotasun profesionaletan aditua dena entzutera. Uzkundun berak azaldu digunez, “jendeak galdera asko egin zituen eta interes handia azaldu zuen”. Izan ere, langile asko izan dira amiantoarekin inolako babesik gabe lan egin dutenak. Produktu hori eta beste hainbaten erabilpenak gaitz profesionalak sortzen ditu. “Baina hots altuak sortutako gorreriaz ere hitz egin genuen eta jendea harrituta gelditu zen”.

Euskal Autonomia Elkartean amiantoak kaltetutakoak biltzen dituen elkartea da Asvimiae. Sakandarren kasuak eraman izan dituzte baina Nafarroan beste elkarte bat sortu nahi lukete. Uzkudunek esan digunez, “horretarako motor txiki bat behar da, gu laguntzeko prest gaude”. Duela bi asteko hitzaldiaren ondoren Nafarroan zerbait “mugitzeko aukera” ikusten du, “bi sindikatuetako ordezkariak han zeuden”. Uzkudunek argitu digunez, “lan gaixotasunen gaia ez da landu. Eta zuk ez baduzu aldarrikatzen administrazioak ez du pausorik emanen”.